Larunbatean izango da Euskararen Eguna, eta EAEko erakundeek eta euskalgintzak adierazpen eta ekitaldi bateratu bat izango dituzte Bilbon. Zer egin dezaket nik euskararen alde? izenburuko testua Hakobako erakundeek aurkeztu dute —Jaurlaritza, hiru aldundiak, hiru hiriburuetako udalak, eta Eudel eta Uema—, eta 500 atxikimendu baino gehiago jaso ditu —tartean dago euskalgintzako eragile andana bat, Kontseilua buru—.
Ez dute bat egin ELA eta LAB sindikatuek —CCOOk eta UGTk, bai—. Bi sindikatuek gogorarazi dute Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin ez daukatela harremanik, “Jaurlaritzak LanHitz egitasmoa apurtu eta diru laguntzen kudeaketa hutsera mugatu zuenetik”. Salatu dute orain “argazkia” nahi duela Jaurlaritzak. Adierazpenaren edukiarekin ere ez dira konforme. Batetik, “konpromiso indibidualak” aipatzen dituelako, “herri aginteek duten erantzukizun politikoa maila berean jarriz”. Ez dute uste hori bidezkoa denik: “Ezin dugu maila berean kokatu instituzio eta herritarron erantzukizuna”. Bestetik, “erabat lausotutakoa” da edukia, ELAren eta LABen iritziz. “Jaurlaritzak ez du egiazko konpromiso politikorik hartzen”.
Hori ikusita, “guztien hizkuntza eskubideak” bermatzeko hizkuntza politika eskatu dute. “Ahalik eta adostasun maila zabalenean oinarrituko dena, baina inori beto eskubiderik onartuko ez diona”. Proiektu bat martxan jarriko dutela iragarri dute. Urola Kostako hamar-hamabost enpresatan euskararen erabilera bultzatzeko egitasmo bat abiaraziko dute, Kontseiluarekin batera. Urtarrilean hasiko dira, eta “sindikatuetako militanteak” izango dira eragile. Langileak “protagonista” izatea nahi dute, betiere bestelako eragileak kontuan hartuz. “Zubi lan hori Kontseiluak egingo du”.
Lehen egitasmoa izango da, eta, emaitzak aztertu eta gero, asmoa dute “beste eremu eta eskualde batzuetara” ere hedatzeko.