ELAk ekarpena egin nahi dio Hego Euskal Herriko estatus politiko berriaren inguruko eztabaidari, eta, horretarako, bere printzipioak, jarrerak eta proposamenak laburbiltzen dituen ebazpen bat aurkeztuko du ekainaren 2an eta 3an Bilbon egingo duen XVI. Kongresuan, han bozkatu eta onartzeko. Ebazpen horretan, ELAk defendatzen du esparru politiko berriak nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea jaso behar dituela, eta «tresna eraldatzailea» izan behar duela langile klasearen eta gehiengo sozialaren interesak defendatzeko. Halaber, ohartarazi du ez duela onartuko gaur egungo esparruaren «azaleko hobekuntza kosmetikorik», ez eta estatus berria eskumenen «eguneratze hutsa» izaterik ere.
ELAren Sindikalizazio arduradun Ane Zelaiak gogorarazi du sindikatuak beti hartu duela parte autogobernuaren inguruko eztabaidetan 1931n alkateen batzarrak Lizarrako estatutua proposatu zuenetik, eta ELArentzat autogobernua ez dela inoiz izan «estatuaren deszentralizazio hutsa», ezpada «Euskal Herriaren eskubide sozial, laboral, kultural eta politikoak bermatzeko tresna eraldatzailea». Orain ere, jarrera horri eutsiko dio, eta, horregatik, ez du onartuko esparru berria «egungoaren berrikuspena edo eskumenen eguneratze hutsa» izatea: «Bermeak jaso behar ditu, Espainiako estatuaren aldebakarreko esku sartzeak galarazteko».
Hego Euskal Herriko bi administrazio eremuetarako nahi du ELAk estatus politiko berria. Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, Zelaiak gogorarazi du «gehiengo politiko abertzale nabarmena» dagoela han, eta, beraz, burujabetzaren kontrako indar politikoek eta bereziki PSEk ezin dutela «beto eskubiderik» izan. Nafarroan, berriz, gabezia demokratikoa «are larriagoa» da, Foru Hobekuntza Legea herri erreferendumik egin gabe onartu baitzen 1982an: «Zilegitasun defizit horrek oraindik ere irauten du». Euskararen estatus «mugatu eta diskriminatzailea» eta lurralde osoan ofiziala ez izatea ere aipatzen dira ELAren Nazio Batzordeak Kongresuari proposatutako ebazpenean.
«Gure helburu politikoak zentzua du baldin eta langile klasearen eta gehiengo sozialaren beharrizan konkretuei egokitzen bazaie»
MITXEL LAKUNTZAELAko idazkari nagusia
ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak laburbildu ditu ELAren proposamenaren ardatzak. Esan duenez, nazio aitortza, erabakitzeko eskubidea eta euskararen benetako ofizialtasunaren bermea baitezpadakoak dira ELArentzat. Baina, horretaz gain, «subiranismo sozialaren aldeko sindikatua» den neurrian, garrantzi berezia eman nahi dio lan eta gizarte arloari: «Gure helburu politikoak zentzua du baldin eta langile klasearen eta gehiengo sozialaren beharrizan konkretuei egokitzen bazaie».
Horregatik, ELAk eskatuko du esparru politiko berriak «lan eta gizarte gaietako eskumen legegile osoa» izatea. Horrek esan nahi du estatus berriak hauek jasoko lituzkeela, besteak beste: «Babes eta gizarte segurantzako tresna guztiak, sektore publikoko langileen lan baldintzak arautzeko ahalmena, eta negoziazio kolektiborako euskal esparruaren onarpena». Horrek aukera emango luke «gehiengo sozialen zerbitzuan izango diren politika fiskalak eta aurrekontu politikak» diseinatzeko, «kapitalaren eta estatuaren interesen menpe egon gabe».
ELAren iritziz, alderdiek proposamen bat lantzen badute Eusko Legebiltzarrean eta gero Madrilera eramaten badute, aintzat hartu behar dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan badagoela «gehiengo politiko, sozial eta sindikal bat» Euskal Herria nazio gisa aitortzearen alde dagoena: «Legebiltzarretik irteten den proposamen horrek zintzo erantzun behar dio gehiengo abertzalearen agindu demokratikoari».
Eredu demokratikoa
Estatus berriak jaso beharreko edukiei ez ezik, hura lortzeko prozedurari ere erreparatu dio ELAk ebazpenean, eta «eredu demokratikoaren» alde egin du. Sindikatuaren iritziz, esparru berria «oinarritik» eraiki behar da, «erakunde sozialen eta herritarren parte hartze zabal eta aktiboarekin», eta herritarren bozketa bidez berretsi behar da.
Horri dagokionez, Lakuntzak ohartarazi du prozesua «modu elitistan kudeatzeko arriskua» dagoela, eta kezka azaldu du orain arte prozesua «hiru alderdi politikoren arteko negoziazio ezkutuetara» mugatu delako. Lakuntzak onartu du badutela «interlokuzioa» eztabaidetan parte hartzen ari diren alderdiekin, baina «informaziorik» ez dutela erantsi du: «Honetaz, gizarteak dakiena baino ez dakigu, eta ez da asko».
Ebazpenean, zenbait konpromiso hartu ditu ELAk, nazio aitortza eta langileen interesak bermatuko dituen esparru politikoa lortzeko bidean. Lakuntzak hiru nabarmendu ditu, batez ere: sindikatuaren ikuspegiarekin bat datozen eragile sindikal eta sozialekin «indarrak batzea»; mobilizazio soziala bultzatzea «erabakitzeko eskubidea eta eskubide sozial eta laboralak prozesuaren erdigunean kokatzeko»; eta «proposamen juridiko, tekniko eta soziala» plazaratzea, eztabaida aberasteko. Lakuntzak iragarri du proposamen hori «zehatza» izango dela.
Lakuntza bat etorri da Zelaiak estatus politiko berriaz esandakoarekin: «Ez dugu ontzat emango edozein akordio, sinatzen duenak sinatzen duela ere», ohartarazi du. «Euskal Herriaren aitortza nazionalean aurrera egin, autogobernua modu erreal eta bermatuan areagotu, eta langile klasearen interesei mesede egingo dien esparru berri baten alde egiten dugu».