ELAk garraio publikoa hobetzea eta mugikortasuna gutxitzea proposatu du trantsizio ekosozialerako

Garraio publikoko beherapenei eusteko, txartel bakarra ezartzeko eta enpresetan mugikortasun planak egitera behartzeko eskatu du sindikatuak.

ELA sindikatuko ordezkariak, Altsasun. ELA
ELA sindikatuko ordezkariak, Altsasun. ELA
jakes goikoetxea
2026ko ekainaren 5a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez dugu benetako trantsizio ekosozial bat izango mugikortasun jasangarria lortzen ez bada. Eta gaur egun helburu hori oso urrun dugu oraindik». Horregatik, Hego Euskal Herriko mugikortasun eredua aldatzeko proposamenak egin ditu ELA sindikatuak gaur, Altsasun (Nafarroa), Ingurumenaren Nazioarteko Egunean. Sindikatuaren ustez, eremu horretan egin beharko dira aldaketarik handienak. ELAk bi multzotan banatu ditu bere proposamenak edo «egin beharreko aldaketa sakonak»: alde batetik, garraio publiko eraginkorra izatea, auto pribatuen erabilera gutxitzeko; bestetik, mugikortasuna gutxitzea.

Garraio publikoko beherapenei eusteko eskatu du ELAk, baita doakoa izateko urratsak egiteko ere. «Beherapenen politika izan da azken urteetan garraio publikoaren erabilera areagotzeko politika publikorik eraginkorrena», nabarmendu du sindikatuak. Horrekin lotuta, harentzat ezinbestekoa da txartel bakarra ezartzea, txartel bakar batekin hainbat garraio publiko erabili ahal izateko. Aspaldiko asmoa da, baina oraindik ez da erabat gauzatu.

Linea eta maiztasun gehiago

Garraio linea eta maiztasun gehiago eskatu ditu, batez ere hiriguneetatik kanpo dauden eremuetan, «lurralde kohesiorako». ELAk gogoan izan ditu garraio publikoaren erabiltzaile nagusiak: «emakumeak, migratzaileak eta erosahalmen gutxien dutenak». Mugikortasuna ez baita «neutroa»: «Generoak eta klaseak baldintzatzen gaitu. Bakoitzaren egoera sozioekonomikoaren arabera, ibilgailu pribatu bat izan dezakegu edo ez. Horrek gure mugitzeko modua aldatzen du». Ondorioa: «Garraio publikoaren beharra klase kontua dela». ELAk neurri bereziak nahi ditu erabiltzaile horien beharrei hobeto erantzuteko.

Mugikortasuna gutxitzea da bigarren oinarria. Aldaketa sakonak planteatu ditu: «ekonomia birkokatzea», esaterako. «Nazioartekotze estrategiak geldiarazi behar dira, hornidurak eta salmentak ahalik eta gertuen eginez», ELAren iritziz. Horrela, merkantzien garraioa gutxitu nahi du.

Administrazioak auto elektrikoen aldeko apustua egiten ari dira, baina sindikatuaren iritziz ez da nahikoa. Ezin dira erregai fosilak erabiltzen dituzten auto guztiak auto elektrikoekin ordezkatu. Horregatik, pertsonen mugikortasunak garraio publikoan eta kolektiboan oinarritu behar duela uste du.

Lurralde antolaketa

ELArentzat enpresa guztiek izan beharko lituzkete mugikortasun planak, merkantzien eta langileen mugikortasuna gutxitzeko. Zenbait neurri proposatu ditu: bizikleta edo garraio publikoa erabiltzea, autoa partekatzea, telelana egitea, ordutegi malguak izatea...

Administrazioei gogoratu die lurralde antolaketak eragina duela mugikortasunean: lurraldea antolatzen denean erabaki egiten dela azpiegiturak non jarri, eta horrek herritarrak gehiago edo gutxiago mugitzera behartzen dituela. Halaber, adierazi dutenez, neurri handi batean, nola mugitu ere erabakitzen da, eta horrek hirien, herrien eta landa eremuaren arteko desoreka ere eragiten du. «Gaur egungo lurraldearen antolaketak, beraz, gehiegizko mugikortasuna bultzatzen du», ELAren arabera. «Lurralde antolaketarako irizpideak berrikusi behar dira mugikortasun apaleko etorkizuna izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE