ELAk ohartarazi du zenbait ikastetxek harremanak dituztela Israelekiko lotura duten argitaletxe eta enpresa batzuekin. Sindikatuak erlazio oro eteteko eskatu die, eta, horretarako, idatzizko eskaerak aurkeztu dizkie Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eta itunpeko ikastetxeen patronalei. Adierazi du Gazako erasoa amaitzea «premiazkoa» dela eta «presioa egiten» jarraitu behar dela Israelek laguntza humanitario «masiboa» baimendu arte.
Sindikatuak gogora ekarri du 71.412 pertsona hil dituztela 2023ko urrian Israelek Gazaren aurkako erasoa abiatu zuenetik. 2025eko urrian ezarri zen su etenaren zinezkotasuna ere zalantzan jarri du, ordutik 442 herritar hil baitituzte, Unicefen datuen arabera. Ehun baino gehiago umeak dira.
Ez erosi, ez saldu
Euskal Herriko langileei zuzendu zaie ELA. «Apartheid sionista» geldiarazteko erakunde eta enpresak «estutu» behar dituztela adierazi du. Sindikatuaren esanetan, mezua «argia» da: Israeli ezin zaio ezer erosi, ezta ezer saldu ere.