ELAk Nafarroako zahar etxeetako hitzarmena sinatuko du baldin eta erosteko ahalmena ez galtzea bermatzen badu

Batzarrak egin ditu afiliatuekin eta ordezkariekin, eta orain arteko jarrerari eustea erabaki dute. LABek, CCOOk eta UGTk aurreakordioa sinatu zuten patronalekin.

Nafarroako zahar etxeetako langileen mobilizazio bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako zahar etxeetako langileen mobilizazio bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko maiatzaren 7a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

LABek, CCOOk eta UGTk Nafarroako zahar etxeetako langileen lehen lan hitzarmenaren aurreakordioa sinatu zuten iragan astean. ELAk ez, itun kolektiboaren alde egonagatik uste baitu ez duela bermatzen langileek erosteko ahalmenik ez galtzea. Hala ere, langileei galdetuko ziela esan zuen ELAk. Aste honetan batzarrak egin ditu afiliatuekin eta ordezkariekin, eta iragan asteko jarrerari eustea erabaki dute: hitzarmenaren aurreakordioa sinatuko dute baldin eta soldatak KPI kontsumo prezioen indizearen pare igoko direla bermatzen bada 2027tik 2030era bitarte.

ELAk —«sektoreko lehen sindikatuak»— onartu du gainerako sindikatuek onartutako aurreakordioak barne hartzen dituela aurrerapauso batzuk, eta indarrean dagoen ituna hobetuko duela. Hala ere, uste du bidezkoa dela eta posible dela KPIaren araberako igoerak bermatzea, negoziazioa zabalik dagoelako. «Patronalek adierazi bazuten ere prest zeudela gai hori negoziatzeko, ez zuten txertatu aurreakordioan, ezta konpromiso formalik hartu ere», azaldu du ELAk. Neurri horren alde egiteko eskatu die gainerako sindikatuei.

Sindikatuak nabarmendu du aurreakordio hori langileen borrokaren ondorioa dela: mobilizazioak egiten ari dira 2020tik, eta 22 greba egun egin dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE