ELAk Osakidetzari eskatu dio Elgoibarko eta Tolosako anbulantzietako langileak subrogatzeko

Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 7tik aurrera publifikatuko ditu Tolosako eta Elgoibarko anbulantzia medikalizatuak. Sindikatuak azaldu du langileen etorkizuna zalantzan dagoela, eta gardentasuna eskatu du.

Gipuzkoako anbulantzietako langileak, prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gipuzkoako anbulantzietako langileak, prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Urrestarazu
2025eko abenduaren 30a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osakidetzak Tolosako eta Elgoibarko (Gipuzkoa) anbulantzien zerbitzuak publifikatuko ditu, baina ez die lan bermerik eman langileei. Horixe salatu du ELAk gaur emandako prentsaurrekoan. Sindikatua zerbitzua publifikatzearen alde ageri da, baina argi utzi du orain arteko langileak subrogatuta egin behar dela prozesua.

Horrez gain, ELAk zera ere eskatu du: indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa osorik betetzea, eta publifikazio prozesua gardena eta negoziatua izatea. Azaldu dute ez dutela onartuko publifikazioa «ezkutuko enplegu erregulazioko espediente» bihurtzea, ezta «kudeaketa publikoaren aitzakian lan eskubideak urratzea» ere.

Urtarrilaren 7tik aurrera, Gipuzkoako Osasun Lurralde Ordezkaritzak kudeatuko ditu Tolosako eta Elgoibarko anbulantzia medikalizatuen zerbitzuak. Olatz Zarate Gipuzkoako Anbulantzietako langileak azaldu duenez, erakunde horrek erabaki zuen indarrean dagoen kontratua amaitzen uztea. Gaur egun, 45 langileek osatzen dute zerbitzua; besteak beste, medikuek, erizainek eta osasun garraioko teknikariek.

Zaratek gogorarazi duenez, langileen subrogazioa bermatzen ez bada, «hitzarmen kolektiboan jasotakoa» eta «erantzukizun publikoaren oinarrizko printzipioak» urratuko dituzte: «Euskadiko Gaixo eta Istripudunen Garraioaren Hitzarmen Autonomikoaren arabera, titulartasun edo kudeaketa aldaketetan enplegua eta lan baldintzak bermatu behar dira».

Mobilizatzea beste aukerarik ez

Zaratek esan du sindikatuak hilabeteak daramatzala «informazioa, elkarrizketa eta gardentasuna» eskatzen, baina jaso duten erantzuna Osakidetzaren «isiltasuna» eta «gardentasun falta» izan dela: «Erabakiak aldebakarrez hartu dira, eta Gabonak baliatu dira prozesua azkartzeko; hartara, egoera are gehiago larriagotu da, erantzun sindikala eta soziala zailtzeko asmoz». Are, sindikatuaren irudiko, isiltasun hori ez da kasualitatea: «Abenduaren 17an egindako Osakidetzako Mahai Sektorialean ez zuten inolako azalpenik eman publifikazio prozesuaz eta langileen etorkizunari buruz». Hala, Zaratek salatu du Osakidetzak «aldebakarrez» hartu dituela erabakiak, eta «dagokion negozio esparruetatik» kanpo.

Hori dela eta, ELAk azaldu du mobilizazioa eta «borroka sindikala» direla osasun publikoa babesteko aukera bakarrak, eta grebara deitzeko aukera ere aipatu du.

Kasu gehiago

Gainera, langileek azpimarratu dute bi herri horietako anbulantziekin gertatzen dena ez dela arazo tekniko edo juridiko bat, «borondate politikoko auzi bat» baizik. Hala, Zaratek oroitu du aurrekariak daudela: «Onkologikoaren kudeaketa aldaketa gertatu zenean, langileak subrogatu egin ziren, borondate politikoa dagoenean lan bermeak errespetatzen dira eta». «Horregatik, Gipuzkoako anbulantzietan gertatzen ari dena ez da saihetsezina, eta egoeraren erantzukizuna Osasun Sailaren eta Osakidetzarena da», borobildu dute.

Tolosako Asuncion Klinikaren kasua ere ekarri dute gogora: adierazi dute Osasun Sailari exijitu diotela zerbitzu hori ere publifikatu dezatela, langileak subrogatuta eta berme guztiekin. Izan ere, klinika pribatua da, baina Eusko Jaurlaritzarekin duen hitzarmen bati esker, zerbitzu publikoa ere ematen du. Eredu horretaz kexu dira ELA eta LAB sindikatuak.

Are, azaroaren 22an Tolosako kaleak hartu zituzten, eta eskualdean zerbitzu guztiak izango dituen ospitale publiko eta doako bat eskatu. Zehazki, eskatu zuten erietxea publifikatzeko, eta hango 350 langileen lanpostuei han bertan eusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.