ELAk premiazko neurriak eskatu ditu bero boladari aurre egiteko Bizkaiko zahar etxeetan

ELAk gogorarazi duenez, herenegun Bizkaiko zahar etxe bateko 90 urteko egoiliar bat hil zen, bero kolpe baten ondorioz; eta egunotan tenperatura altuekin eta neurri egokirik ezarekin lotutako beste hainbat osasun arazo izan dira.

Bizkaiko zahar etxeetako hainbat langile protestan, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bizkaiko zahar etxeetako hainbat langile protestan, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
2026ko ekainaren 25a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak salatu du Bizkaiko zahar etxeetako klimatizazio kontrolik ezak, langile faltak eta arreta sanitario eskasak «arriskuan» jartzen dutela egoiliarren osasuna. Horiek horrela, «berehalako neurriak» eskatu dituzte egoitzetan bizi diren adinekoen segurtasuna bermatzeko, egun hauetako tenperatura beroi aurre egiteko. ELAk gogorarazi duenez, herenegun Bizkaiko zahar etxe bateko 90 urteko egoiliar bat hil zen, bero kolpe baten ondorioz. «Tenperatura altuekin eta neurri egokirik ezarekin lotutako beste hainbat osasun arazo izan dira», gehitu dutenez.

«Egoitza ereduaren gabezia estrukturalek arriskuan jartzen dituzte adinekoen eta langileen osasuna eta bizitza bera», gaitzetsi du ELA sindikatuak. Haien hitzetan, zahar etxe askotan ez dago klimatizazio nahikorik azpiegitura guztietan, ezta 24 orduko erizaintza zerbitzurik ere. «Gainera, lan kargak oso handiak dira, bereziki geriatriako laguntzaileen artean, eta horrek zaildu egiten du zaintza eta prebentzioa muturreko bero egoeretan», nabarmendu dute.

Egoera hori «pribatizazioan, enpresen irabazian eta kostuen murrizketan» oinarritutako eredu baten ondorioa dela uste dute ELAkoek. Alde horretatik, gogorarazi dute administrazio publikoek eta enpresa arduradunek ezin dutela «beste alde batera begiratzen» jarraitu: «Adinekoen babesak inbertsioak, langile nahikoak eta baldintza egokiak eskatzen ditu, ez murrizketa gehiago».

ELAk zera eskatu du: lantaldea indartzea, gune guztietan klimatizazioa bermatzea, 24 orduko erizaintza ziurtatzea eta bero boladen aurkako protokoloak hobetzea

Hori ikusirik, zera eskatu du ELAk: lantaldea indartzea, gune guztietan klimatizazioa bermatzea, 24 orduko erizaintza ziurtatzea eta bero boladen aurkako protokoloak hobetzea. Ildo horretan, mobilizatzen jarraituko duela ohartarazi dute, eredu publiko eta kalitatezkoa defendatzeko. ELAkoen ustez, eredu horrek soilik bermatuko ditu egoiliarren duintasuna, segurtasuna eta osasuna; baita artatzen dituztenentzako lan baldintza duinak ere.

Euskadiko Babes Zibileko Plana (LABI) larrialdi fasetik alerta fasera igaro da ostegun honetan, muturreko tenperatura altuengatik alarma gorria amaitutzat eman baitute. Desaktibatu aurreko azken fasea da hori. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehaztu duenez, bero egingo du oraindik ere, nahiz eta aurreikusten den datozen egunetan tenperatura ez dela izango aurrekoetan bezain muturrekoa. Horiek horrela, alerta laranja eman dute gaurko eta biharko.

Kaleratze bat Ordiziako zahar etxean

ELAk jakinarazi duenez, Ordiziako (Gipuzkoa) San Jose egoitza publikoan greban dagoen langile bat kaleratu dute, eta lan baldintzetan «murrizketa berriak» ezarri. Hain zuzen, 153 egun daramatzate greban hango beharginek. Bada, zahar etxe hori kudeatzen duen enpresak, Zaintze-Clecek, «antolaketa arrazoiak» argudiatu ditu langile hori kaleratzeko, ELAk zehaztu duenez. Kontratatu berri dituzten langileei, berriz, «lan baldintza kaskarragoak ezartzen ari zaizkie, erreferentziazko hitzarmena aldatuta», gehitu dutenez.

Kabia foru erakunde autonomoko kidea da Ordiziako zahar etxea, baina Zaintze-Clece enpresak kudeatzen du. Bertan 70 langile inguru dago, gehienak emakumeak. «Langileek greba mugagabean jarraitzen dute lan hitzarmenean hobekuntzak egin ditzatela eskatzeko: besteak beste, lanaldi osoko kontratuak bermatzea eta soldata arrakala murrizteko neurriak ezartzea», esplikatu du ELAk.

Sindikatuak salatu du greba hasi zutenetik enpresa horrek uko egin diola lantaldearen eskaera nagusiak negoziatzeari. Are, uste dute kaleratzeek eta murrizketek «langileengan presioa areagotzea» dutela helburu. Horiek horrela, bilera batera deitu du ELAk enpresa; uztailaren 8an egingo dute, Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) Gipuzkoako egoitzan.

Bitartean, ELAk gogorarazi du duela aste bat baino gehiago Kabiari premiazko bilera bat eskatu ziola, egoera aztertzeko. «Oraindik ez digute erantzun», esan dutenez. Horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiari hauek eskatu dizkiote: ardura bere gain har dezala, kaleratzea atzera bota dezala, enpleguari euts diezaiola eta egoitzako arreta kalitatea berma dezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA