ELAk salatu du Osakidetzak osasun mentaleko sare publikoa desegin nahi duela

Sindikatuak dio Osakidetzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun mentaleko sareak eskualdeetako ESIetan integratzeko asmoa duela. Salatu du aldaketa hori Osasun Itunaren atal batean bozkatu dela, baina Mahai Sektorialarekin negoziatu gabe.

Osakidetzako osasun zentro bat. MAIALEN ANDRES / FOKU
Osakidetzako osasun zentro bat. MAIALEN ANDRES / FOKU
edurne begiristain
2025eko urriaren 17a
11:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak salatu du Osakidetzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun mentaleko sareak desegin nahi dituela, ESI erakunde sanitario integratuetan txertatzeko. Sindikatuaren arabera, prozesu hori «gardentasunik gabe» eta langileen iritzia kontuan hartu gabe egiten ari dira, eta ez da Osakidetzako Mahai Sektorialean negoziatu.

ELAk ohar bidez azaldu duenez, Osakidetzak hartutako erabakiak «arriskuan» jartzen ditu lanpostuak eta lan baldintzak, eta bide ematen dio  «pribatizazioari». Horregatik, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearen Zuzendaritzari —hiru lurraldeetatik handiena da— premiaz bilera bat egiteko eskatu dio erabakiari buruzko azalpenak eman ditzan; astelehenerako eskatu dio batzarra. Bertan, langileen lan baldintzak hobetzea eta plantilla handitzea ere galdegingo dio sindikatuak zuzendaritzari. Era berean, ELAk urriaren 31ko Mahai Sektorialera eramango du gaia, eta azalpenak eskatuko ditu.

Gaur egun, Osakidetzako Osasun Mentaleko Sarea hiru zerbitzu eremutan banatuta dago, sindikatuak emandako datuen arabera: Bizkaiko sarean 1.239 langile ari dira beharrean; Gipuzkoakoan, 222; eta Arabakoan, 562. Guztira, 2.077 langilek osatzen dute sare hori, bakoitzak bere plantilla, aurrekontu eta antolaketa propioa duela. Alabaina, ELAk salatu du Osakidetzak osasun mentaleko sareak desegin eta eskualdeetako ESIetan integratzeko asmoa duela, eta erabaki hori komunikabideen bitartez jakin duela.

Sindikatuaren arabera, aldaketa hori Osasun Itunaren atal batean eztabaidatu eta bozkatu da —Osasun mentala. Eredu asistentzialaren sustapena, prebentzioa eta optimizazioa izenekoa—, baina, salatu duenez, «opakutasunez» egin da, Mahai Sektoriala albo batera utzita.

Langileen egoera «larria» da

Urriaren 10ean Osakidetzak iragarri zuen 120.000 paziente artatu dituela osasun mentaleko sareak, arreta psikiatrikoan «estatu mailako» erreferentzia bilakatuta. ELArentzat, ordea, mezu instituzional horrek ez du islatzen sistemaren benetako egoera: «Profesionalen gabezia larria dago, eta lan karga handiak eta itxaron zerrenda luzeak dira eguneroko errealitatea». ELAk ohartarazi du lehen arretan espezializaziorik gabeko psikologoak sartzeko erabakia «neurri estetikoa» dela, eta ez duela konpontzen psikiatra, psikologo kliniko eta erizain espezializatuen eskasia.

Are, Osasun Mentaleko Sareko langileen egoera «larria» dela bistaratu du sindikatuak hainbat daturekin: dioenez, 2.077 langileetatik 1.055ek aldi baterako kontratuak dituzte, eta zerbitzuaren zati handi bat pribatizatua dago; adibidez, Gipuzkoan, egonaldi ertain eta luzeko baliabide guztiak enpresa pribatuen esku daude —Aita Meni, San Juan de Dios eta Domusvi-Sanatrio—, eta arlo horretako zerbitzuen %85 pribatizatuta daude. ELAren arabera, sarearen desegiteak eragina izango du langileen hautaketa prozesuetan, eta, gainera, ateak irekiko dizkio zerbitzu gehiago pribatizatzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.