Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileek greba egin dute atzo eta gaur. Aldundiari neurriak eskatzen dizkiote langileak «prekaritatetik» ateratzeko eta kaleratzeak eta murrizketak atzera botatzeko. Horretarako, egoera salatzeko manifestazio bat egin dute Ordizian (Gipuzkoa), ELAk deituta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lan gatazka konpontzeko baliabideak jar ditzala eskatu dute.
Soka luzeko lan gatazka da Gipuzkoako zahar etxeetakoa. Greba mugagabean dauden egoitzetan, 243. greba egunera iritsi dira. ELAk oso larritzat jo du langileen egoera. Azken urteetan lan baldintzek okerrera egin dutela azpimarratu dute, eta langileak gero eta prekarioagoak direla, batez ere emakumeak. Horren adierazletzat daukate gero eta lanaldi partzial gehiago egotea, soldata arrakala areagotzea, lan karga «izugarriak» edukitzea eta lan osasuneko arazoak gero eta gehiago izatea.
Ordizian, manifestariak kalera atera dira, eta, lan gatazka konpontzeko baliabideak eskatzeaz gain, exijitu dute herriko San Jose egoitzan enpresak kaleratutako grebalaria berriro lanera itzul dadila. Atzo Donostiara eraman zituzten aldarrikapenak.