Atzo hasita datorren asteazkenera arte greban izango dira Bizkaiko zahar etxeetako langileak, ELAk deituta. Lanuztea atzo abiatu zuen sindikatuak, Bilbon manifestazioa eginez Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik Bizkaiko Foru Aldundikora. Beharginek salatu dute negoziazioak etenda daudela, eta, gainera, zahar etxeetako prezioak igotzean «gezurretan» aritzea leporatu diete enpresei. «Gutun bidez, erabiltzaileei kuotak igoko dizkietela jakinarazi diete, esanez soldatak igoko dituztela negoziazioaren ondorioz, baina ez dago halakorik. %6,5-10 artean handituko dituzte kuotak, hilabeteko 300 euro inguru, baina langileen baldintzak ez dira hobetu. Horrelako argudioak erabiltzea oso mingarria da, gezurra baita», adierazi du Ainhoa Tirapu Eskuinaldeko arlo soziosanitarioko arduradunak.
Erosahalmena ez galtzea, gaixo dauden lankideak hasieratik ordezkatzea, ratioak handitzea, enpleguak egonkortzea, lanaldi osoak areagotzea eta kontziliaziorako neurriak jartzea eskatzen ari dira langileak, besteak beste. «Baina negoziatzera ere ez dira eseri», berretsi du Tirapuk. Izan ere, azken hilabeteetan 21 greba egun egin dituzten arren, ELAko ordezkariek urtebete daramate patronalen berri izan gabe.
Gogora ekarri du, halaber, zaintzaren sektorea «gero eta handiagoa» dela, eta «pribatizatu» izana gaitzetsi du: «Bizkaiko Diputazioak egiten duen gauza bakarra da denon dirua eman eta gero kudeaketarik eta ikuskaritzarik ez egin». Hortaz, inplikatzeko eskatu dio diputazioari: «Zerbitzuak publikoa izan behar luke, baina, gainera, ezin du sektore hau albo batera utzi, ardurarik ez balu bezala».
Grebaren erantzunari buruzko daturik ez du eman ELAk, baina Tirapuk salatu du langile askok zailtasunak dituztela lanuzteetan parte hartzeko, gutxieneko zerbitzuen ondorioz: «Oso handiak dira, batzuetan baita %80koak ere». Hala ere, aldundiak zein patronalak «mugitzea eta langileen eskaerak entzutea» espero dute: «Horretarako ari gara kalera ateratzen. Emakume hauek demostratu dute badakitela borrokatzen».
ELAk zortzi eguneko greba abiatu du Bizkaiko zahar etxeetan
Bilbon manifestazioa eginez hasi dute lanuzte zikloa. Sindikatuak salatu du enpresek zahar etxeetako kuotak igo dituztela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu