2017ko hegaztien gripeari buru egitean Estatuko osasun zerbitzuek (DDPP) hartu neurriei buru egin zien ELB laborari sindikatuak hiru etxaldeetan lehenik (Barkoxen, Domintxinen eta Gabadin) eta Bidaxuneko ahate haztegian ondotik. Mobizilazio jendetsuak egin ziren etxaldeen aitzinean, analisien arabera eritasunik ez zuten hegaztien hiltzea oztopatzeko, eta horregatik epaituko dituzte: "DDPPko agenteen eginbeharra trabatzea eta hazkuntzen egoitzetara sartzea oztopatzea" leporatzen diete. Mobilizazio horien ondorioz eta hazleek egin analisietan hegaztiak sano zeudela frogaturik, azkenean ez zituzten kabalak hil.
Anne Marie Mendiburu abokatuaren erranetan, "absurdoaren epaiketa" izanen da azaroaren 5ekoa; haren ustez, "osasun zerbitzuen agintariak eta hazkurri industriako ordezkariak behar lirateke, epaitu birusa zabaldu zutelako". Jean Michel Berho Domintxineko ahate hazleak oroitarazten du laborantza industriala garraioetan oinarritzen dela: "Ahateak ekialdeko herrialdeetatik ekartzen dira, galkatuak izateko berriz garraiatzen dira, eta, hortik, hiltegietara. Nahi bagenitu eritasunak barreiatu ez genuke beste gisaz eginen". Oroitarazi du 2016ko urtarriletik Prefeta abisatu zutela arazoa kamioietan zegoela.
"Hautetsien, kontsumitzaileen, gizarte zibilaren erresistentziak posible egin du neurri arras zozo bat —nire hitzak neurtzen ditut— ez dadin gauzatua izan", abokatuaren erranetan. Laborantzaren ikusmolde baten defentsa egiten saiatuko direla gehitu du Mendiburuk. Sainte-Marieren erranetan, "erresistentziaren eskubidea" ere defendatuko dute Pauen; haren ustez, "beste leku guztietan hil badituzte ere, hemengo erresistentziari esker, ez da hala izan, eta erresistentzia eskubide hori aldarrikatzen dugu". Sostengurako deialdi zabala egin dute azaroaren 5erako, 14:00etan, Paueko auzitegian hasiko den epaiketara joateko.
Hiru pertsona joanen dira 2017ko mobilizazioen aniztasuna erakustera: Mixel Etxebest Mauleko auzapeza, mobilizazioetan parte hartzeagatik "diru laguntzak galdu dituen" hautetsia, ELBren erranetan; Periko Legasse kazetaria kontsumitzaileen ordezkari gisa eta Confederation Paysanne sindikatuko idazkari nagusia, Laurent Pinatel.