Beste alderdi bat jaio da Euskal Herrian: Euskal Langileen Ezkerra (ELE). Joseba Iturriak hartu du alderdiaren gidaritza, eta zera jo du xede nagusitzat: alderdi tradizionalek euskal gizarteari ekarri dioten «noraeza» zuzentzea. Iturriaren arabera, euskal gizartea «larrialdian» dago, eta arriskua du bere identitatea galtzeko: hala euskarari nola «eredugarri egin gaituen guztiari» dagokionez: «Guztiok inplikatu beharko genuke alderdi tradizionalei agintea kentzeko eta Euskal Herriaren suntsipena eragozteko».
Adierazi du beren helburua ez dela soilik maiatzeko hauteskundeetara aurkeztea, horiek irabaztea ere badela. «Bai udal bakoitzean, bai diputazio bakoitzean eta baita Nafarroako Gobernuan eta EAEko gobernuan ere badira neurri asko hartu daitezkeenak, eta horiek hartzen saiatuko gara, ezin dugu-eta horrela jarraitu», esan du Iturriak. Ipar Euskal Herrira zabaltzeko aukera ere begi onez ikusi du.
Iturriaren sarreraren ondoren, Nafarroako ELEko bi ordezkariek hartu dute hitza: Joan Mari Belokik eta Jesus Buldainek. Gehiago sakondu dute alderdiaren proposamenean, eta zuzenean egin dute jauzi migrazioaren auzira, aho bizarrik gabe: «Euskal Herriak, orain arte, hamaika arazo izan ditu bizirik irauteko, eta orain arazo berriak azaldu zaizkigu. Bat azpimarratu nahi dugu bereziki: kontrolik gabeko migrazioa. Horrek arazo handiak ekarri dizkigu, eta gure hizkuntzaren eta kulturaren etorkizuna arrisku larrian jarri du», adierazi du Belokik.
«Euskal Herriak, orain arte, hamaika arazo izan ditu bizirik irauteko, eta orain arazo berriak azaldu zaizkigu. Bat azpimarratu nahi dugu bereziki: kontrolik gabeko migrazioa»
JOAN MARI BELOKI Nafarroako ELEko ordezkaria
Egon da, baina, migrazioaren «arazoa» berria dela zalantzan jarri duenik, argudiatuta industrializazio garaian, esaterako, migrazio olde handia iritsi zela Euskal Herrira, eta horiek ere ez zirela euskaraz mintzatzen. Baina, Iturriaren ustez, eredu erabat ezberdina zen hura: «Lehen, jendea lan egitera zetorren, bere kontratuarekin, eta bazegoen etxebizitza bat bakoitzarentzako. Bazeukaten beren bizitza duintasunez eraikitzeko aukera, eta haien semeek ere ez zuten arazorik integratzeko».
Migrazioa eta segurtasuna
Gaur egun egoera bestelakoa dela iritzi dio ELEko buruak, eta esan du neurriak hartu behar direla integrazioa bermatzeko. Hori esan eta berehala, segurtasun faltaren auzia izan du hizpide: «Batez ere Gasteizen eta Bilbon bandak daude kalean, eta arazoak eragiten dituzte. Orain ez badiogu horri konponbidea ematen, hamar urte barru egoera larria izango da. Alderdian, adibidez, 24 urteko neska batek esaten zuen etxera joateko lagunekin joan behar zuela. Hori da dugun egoera: badirela toki asko Euskal Herrian non jendea ezin den lasai joan kalean».
Horri lotuta, ELEk «sistema honi eusten dioten alderdienak ez bezalako konponbideak eskaintzea» jarri du xede gisa. Buldainek helburu moduan jarri du «Euskal Herria ez iristea Katalunian duten egoerara». Zera erantsi du: «Dagoeneko, Kataluniako biztanleen %26 Espainiako Estatutik kanpo jaio dira, bi milioi lagun baino gehiago».
Euskal Herrira ere jende gehiegi datorrela adierazi du Iturriak, eta etxebizitzaren auziarekin nahastu du migrazioarena oraingoan. «Gizarte gisa, ezin dugu onartu egungo gazteek etorkizunik ez izatea eta lan eginda ere etxebizitzarik ezin eskuratzea. Gazte batek lan egiten badu, bere bizi proiektua garatu ahal izan behar du». Hori konpontzeko neurri gisa, aldarrikatu du Euskal Herriak burujabetza behar duela Euskal Herrira sartzen diren pertsonak kontrolatzeko, eta horrela duinagoak izango direla hala bertako langileen nola etortzen uzten ez dieten horien biziak: «Jakin behar dugu zenbat lan dagoen eta zenbat etxebizitza dauden, eta horren arabera jakingo dugu zenbat jende erakar dezakegun».
«Jakin behar dugu zenbat lan dagoen eta zenbat etxebizitza dauden, eta horren arabera jakingo dugu zenbat jende erakar dezakegun»
JOSEBA ITURRIA ELEko burua
Bide horretan, azpimarratu dute ELE «langileen alderdia» dela, eta langileen interesak defendatuko dituela beste gauza guztien gainetik. Beren alderdiaren eredua Euskal Herritik kanpo zabal dadin ere nahi dute: Iturriaren arabera, Katalunian badago jendea itxaropentsu dagoena jada ELEren eredua hara eramateko.
Aliantza Katalana
ELE eta Aliantza Katalanaren arteko konparazioengatik galdetuta, «oso ezberdinak gara» esan du Iturriak: «Gu pertsonak gara beste ezeren aurretik, eta guretzat migranteak ere pertsonak dira, eta ez gaude migranteen kontra, langileen duintasunaren alde baizik; hori, batetik. Eta, bestetik, gu ezkertiarrak gara. Guk nahi dugu Euskal Herrian Voxen alde bozkatuko duen gazte haserre batek gure alde bozkatzea. Azken finean, gure ustez, ezkerrekoa izan behar du gazte haserretuen botoak, eta hori da ezkerrak galdu duena».
Bada, ezkertiartzat daukate beren burua, eta beste hainbat printzipio ere aurkeztu dituzte, haien arabera, bide horretan. Besteak beste, esan dute alderdiak Euskal Herriaren autodeterminazioaren alde egiten duela, baita NATOren aurka ere; eta enpresa pribatuen esku dauden sektore estrategikoak erakunde publikoen eskuetara igarotzearen aldekoak direla, baita gerra guztien aurkakoak ere. Azpimarratu dute «gazteei erasan dien woke moda suntsitzailearen» aurka daudela.