Murgiltze eredua

Eleetatik ekintzetara pasatzeko eskatu diote Euskal Herriko eragileek Macroni

Bermeak behar direla eta larunbateko mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa dela erantzun dute Iparraldeko eragileek.

Emmanuel Macron, agerraldi batean, Bruselasen. JOHN THYS / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko maiatzaren 26a
09:32
Entzun

Mintzatu da Emmanuel Macron hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruz. Hizkuntza gutxituen legearen kontra hartutako ebazpenean Frantziako Konstituzio Kontseiluak arriskuan jarri ondotik murgiltze ereduan oinarritzen diren itunpeko eskolak, Frantziako presidentearen hitzak espero zituzten anitzek, eskola horien etorkizuna zein izanen den argitzeko. Facebookeko mezu batean mintzatu da Macron, eta hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze ereduaren bidez egitea defendatu du. «Frantziako Gobernuari eta Parlamentuari eskatu diet bitartekoak atzeman ditzatela aniztasun linguistiko hori bermatzeko, duela mende erditik ezaguna den esparru pedagogikoa errespetatuz», adierazi du mezu labur batean.

Haserrea eragin zuen, ostiralean, Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak: hizkuntza gutxituen aldeko legea atzera bota zuen partzialki, 4. eta 9. artikuluak Konstituzioaren aurkakoak direla erranez. Ondorioz, murgiltze eredua ez da sartuko Frantziako Hezkuntza Kodean, eta ez da posible izanen estatu zibileko dokumentuetan ñ-a eta halako zeinu diakritikoak erabiltzea. Erabakia gaitzetsi, eta sortzen duen «segurtasun falta» salatu zuten Ipar Euskal Herriko hautetsiek eta euskalgintzako eragileek, hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze ereduan egitea Frantziako Konstituzioaren kontrakoa dela erratean ikastetxe publikoez gain itunpekoak ere aipatzen baititu. Horien etorkizuna zein izanen den argitzeko eskatu zioten Frantziako Gobernuari. Era berean, maiatzaren 29an Baionan mobilizatzera deitu zuten. Protesta andana eginen dute egun horretan, Frantziako Estatuaren meneko lurraldeetan, Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak deituta (Gure hizkuntzak bizi daitezen).

Atzo, Yannick Kerlogot Bretainiako diputatuak (Errepublika Martxan) Jean Castex lehen ministroa akuilatu zuen Frantziako Asanblean, eta ebazpenak murgiltze ereduan izanen dituen «ondorio zehatzak» argitzea galdetu zion. Castexek segurtatu zuen bi diputatu izendatuko dituela horiek aztertzeko, eta, ondoren, prest dela hizkuntza gutxituetako hezkuntza ordezkariekin biltzeko Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroarekin batera. «Auzia lasaitzea da nire arrangura», erran zuen.

Altxor nazionala

«Frantziako hizkuntzak altxor nazional bat dira», Macronen hitzetan. «Metropoliko gure eskualdeetakoak izan, itsasoz haraindikoak izan, gure kultura frantsesa aberastu besterik ez dute egiten». Frantziako presidenteak nabarmendu du badirela hamarkada batzuk «murgiltze eskolen bidezko transmisio mugimendu bat dagoela», hizkuntza horiek «biziarazteko» eta haien «etorkizuna bermatzeko». Seaska bezala, Frantziaren meneko lurraldeetan lan hori egiten duten elkarteei aipamena egin die.

Argi mintzatu da Macron: «Ezerk ere ezin du oztopatu ekintza erabakigarri hori, halako pertsona engaiatuek egina —usu boluntarioek egina—, zeinak aldi berean baitira beren eskualdearen maitale, Frantziarenganako pasioaren jabe eta unibertsaltasunaren zale. Zuzenbideak askatu egin behar du, inoiz ez ito. Ireki, inoiz ez murriztu. Kolore bera, azentu berberak, hitz berberak: gure nazioa ez da hori. Braudelek idatzi zuen: Frantziak aniztasuna du izena».

Frantziako presidente gisa «frantses hizkuntzaren babesle eta gure eskualdeetako hizkuntzak diren aberastasunaren zaindari» dela adierazi du, eta arrazoi horregatik eskatu die Frantziako Gobernuari eta Parlamentuari, «aniztasun linguistiko hori bermatzeko bitartekoak» aurkitu ditzatela.

Harrera hotza

Ezin erran Macronen hitzek harrera oso beroa izan dutenik Ipar Euskal Herrian. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak adierazi du Frantziako presidentearen mezuak «lasaigarria izan nahi» duela, baina ez duela «deus bermatzen».

Kritikoago agertu da Max Brisson Errepublikanoetako senataria: «Hitzak, hitzak... Baina presidenteak zergatik ez du bere hezkuntza ministroa garaiz gelditu? Eta horrez gain, hitzik ere ez Seaska edo Diwanen gaineko ondorioei buruz, edo [Ipar] Euskal Herriko eskola publiko eta katolikoetako 40 murgiltze klaseei buruz», idatzi du Twitterren. Ildo beretik, Macronen «hitz ederrak» aipatu ditu Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak: «Hitzez gain, ekintzak behar ditugu! Beraiek sortu duten krisia konpondu behar dute orai! Larunbateko mobilizazioa inoiz baino beharrezkoa da, gure haserrea ikus dezaten!».

Ekintzak eskatu dizkio Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak ere: «Ados! Orain, eleetatik ekintzetara: murgiltzea gerizatu ta garatu! Ikastolen izatea segurtatu, baita publiko eta pribatu katolikoan diren murgiltze klaseak segitu ere! Ikasle kopuru handiak publikoan dira. Hizkuntza politika eraginkorrik ez da murgiltze publikorik gabe!»

Legea, promulgatua

Hizkuntza gutxituen aldeko eragileek behin baino gehiagotan gaitzetsi dute Molac legearen harira Frantziako presidenteak izan duen jokaera. Azkenera arte itxaron zuen apirilaren 8an Frantziako Asanblean bozkatu zuten legea promulgatzeko, eta, maniobra horren bidez, haren kontrako helegitea aurkeztu zuten apirilaren 22an Martxan alderdiko 61 diputatuk. Joan den ostiralean eman zuen ebazpena Frantziako Konstituzio Kontseiluak, eta, orduan, askoz ere lasterrago ibili zen Frantziako Errepublikako agintaria: Konstituzio Kontseiluak zentsuratutako artikuluak kenduta, igande goizean promulgatu zuen hizkuntza gutxituen legea, eta Frantziako Egunkari Ofizialean agerrarazi zuten, Frantziako Asanblean berriz aztertzeko aukerari ateak itxita.

Azken egunetan, haserre agertu dira hainbat pertsona ezagun Frantziako Konstituzio Kontseiluak itunpeko eskolak utzi dituen egoerarekin. Horien artean da François Bayrou, Paueko (Okazitania) auzapez eta Modem alderdiko burua. Bera izan zen, Frantziako Hezkuntza ministro zela, 1994an ikastolekin eta gisa bereko eskolekin itunak izenpetu zituena. Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak sortzen duen «egoera leherkorra» deitoratu zuen asteburuan. «Ulertu dezakegu haien irakaskuntza eskola publikoaren barruan ez egotea. Baina aukera hau erabiltzea transmisio metodo hau debekatzeko, hori ez dugu onartuko. Milioika frantziarrek ez dute onartuko, sekula; eta ni horien artean izanen naiz».

Bi aukera izan litezke Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak sortutako egoera konpontzeko: Frantziako Konstituzioaren printzipioak errespetatuko lituzkeen estatus bat asmatzea itunpeko eskola horiek orain arte bezala segitu dezaten, edo konstituzioa bera aldatzea. Bigarren horren alde egin zuen Paul Molac Bretainiako diputatuak ebazpenaren berri jakin bezain laster. Frantziako presidenteari eskatu zion berehalako lege proiektu bat aurkezteko Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko. «Gure hizkuntzen aurkako militantismoak gehiegi iraun du. Konstituzio Kontseiluak bertan behera uzten du eskoletan emaitza akademiko bikainak eman dituen metodo pedagogikoa; ez da metodo pedagogikoa aldatu behar, baizik eta konstituzioa». Ikusteko dago zer norabide hautatzen duen Frantziako Gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.