Pastor
Darwin eta gu

Elgoibarko australiarrenak

2026ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herriko tabernan sartu eta kafea eskatu zuen. Hormako argazkiei so egin zien begiak zabalik, mozoloen pare. «Honek zer egin du?». «Eta hori zergatik dago kartzelan?», galdetu zion zerbitzariari. Denak isilik. Gehiagotan joan zen bertara. Inork ez zekien haren berririk. Nondik irten da morroi hau? Polizia ote da? Probokatzaileren bat? Arrastorik ez.

80ko urteak ziren. Errezeloak nonahi. «Hori txakurra da». Polizia edo guardia zibil ugari Espainia hegoaldetik etorriak ziren Euskal Herrira. Gizon gazte hark doinu andaluziarrik ez, ordea. Ez zuen Larios ginebra eskatzen. Urrun zegoen uniformedun haien inguruan hedatutako klixetik. Jatorriz ez zen familia pobre baten semea izango. Halakoxeak baitziren asko.

Pobreziak Poliziara eraman zituen gazteak defendatu zituen Pier Paolo Pasolinik 1968an, Erroman Valle Giuliako istiluak gertatu zirenean. Unibertsitateko ikasleek aurre egin zieten poliziei. Ehunka zauritu izan ziren. Zortzi polizia-auto erre zituzten. Zinemagile eta idazleak, Italiako Alderdi Komunistatik homosexuala izateagatik kanporatu zutenak, polizien alde egin zuen Il PCI ai giovani Italiako Alderdi Komunista gazteei— poema polemikoan. Pasolinik adierazi zuenez, polizia gehienak langile klasekoak ziren. Ikasleak, aldiz, familia aberats edo burgesen seme-alaba pribilegiatuak.

Ez zuen arrazoirik falta, baina zerbait ahaztu zuen: seguru asko bazirela, izan, Italia hegoaldeko langile edo nekazari familia pobreen seme-alabak, polizia edo mafioso —edo polizia-mafioso— ez bihurtzea erabaki zutenak. Behartsuak izanik ere, beste modu batez saiatu ziren aurrera egiten. Hori nahiago izan zuten beraiek bezalako pobreak zapaldu baino. Baina, bai, egia da: oso polizia gutxi ikusiko dituzu, maila sozioekonomiko altuko gurasoak dituztenak. Are gutxiago kasu horretan seme-alabez harro-harro mintzatuko diren aita-amak.

Zenbat arkitekto, ingeniari, zirujau edo katedradunen alaba edo seme daude Ertzaintzan? Kontuz, baina. Horrek ez du esan nahi ertzain gehienak goseak edo behar gorriak bultzatu dituela uniformea janztera. Barkatu, baina ez niri saldu porru hori. XXI. mendeko Hego Euskal Herria ez da 50-60ko urteetako Hego Espainia. Zergatik egin dira orduan polizia? Beraiei galdetu.

Ez haiei ezer esan! Broma gutxi tatuajedun klenbuterol ibiltari batzuekin. Ez eutsi haien begiradari hiru segundoz baino gehiagoz

Poliziak. Era batera edo bestera, ezinbestekoak, nonbait. Parisko Komunean bertan Polizia burgesa desegin eta Guardia Nazionala eratu zuten, ordena iraultzaile berriari eusteko. Euskal estatu batean ere zerbait beharko genuke, izan ertzaina, izan polizia, bitartekaria, Olentzero plastikozko pistola horia gerrian edo izeko Miren Rottenmeiergoitiaren begirada paralizatzailea agerian. Zuzentasunez jokatzen, ahalik eta abusu eta bidegabekeria gutxiena eraginez.

Justizia ez baita Mercedes dirdiratsua gaizki aparkatu duen jauntxo handiustekoaren aurrean ez ikusiarena egin eta gero kalean fardelak eskuan dabilen etxegabearengana joan, bazter batera eroan eta hamabost minutuz galdekatzea, Ingalaterrako Bankua lapurtu balu bezala. Hiru polizia han. Hori ikusita nago. Ez haiei ezer esan! Broma gutxi tatuajedun klenbuterol ibiltari batzuekin. Ez eutsi haien begiradari hiru segundoz baino gehiagoz. Polizia deshumanizatzeko arriskua dagoela jakinarazi zuen Pradalesek lehengoan, Arkautin. Herritarrak hala tratatzea —edo lurrean daudela amorruak itsututa jotzen segitzea— irudi gizatiarra al da?

Elgoibarkoa zen. Gazterik joan zen Australiara. Han 30 urte inguru igaro ostean itzuli zen. Ingeles-akademia ireki zuen Santurtzin. Hamaika bizitakoa izanik, bere esperientziak azaltzen zituen eskoletan. Eta bere iritziak: «Poliziak eta lapurrak, funtsean, ore bera dira. Diferentzia bakarra dago: orea labean sartu eta batzuetan opil ederrak irteten dira, eta bestetan, ogi erreak». Harekin batera iloba etorri zen, euskal jatorriko australiarra. Hura ere irakasle hasi zen school hartan. Iritsi berritan, kafea hartzera joaten zen herrikora. Eta presoei buruz galdetzen zion jendeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE