Elizak Donostiako Alde Zaharreko gazte bat etxegabetu nahi duela salatu dute

Gazte horren familiak 60 urte baino gehiago daramatza Donostiako kaiko etxe horretan bizitzen. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta auzokideek aterabide bat exijitu diote Elizari.

Etxebizitza sindikatuaren eta Alde Zaharreko bizilagunen agerraldia gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Etxebizitza sindikatuaren eta Alde Zaharreko bizilagunen agerraldia gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko maiatzaren 25a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako kaian etxegabetze bat gauzatu nahi du Elizak. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Alde Zaharreko hainbat bizilagunek agerraldia egin dute gaur, eta kontatu dute uztailaren 31n gazte bat botako dutela bere familiak azken 60 urteetan bizitoki izan duen etxetik. 2024tik dabil Eliza etxegabetzea gauzatu nahian, eta sindikatuak salatu du Donostiako Elizbarrutiko arduradunak ez direla aterabide bat negoziatzeko eseri ere egin.

Gaztearen familiako zenbait belaunaldi bizi izan dira etxe horretan: «Hasieran, etxebizitza izateko egokia ez zen eremu bat etxebizitza bihurtu zuten; haiek egokitu eta eraiki zuten. Ordutik, familiak zaindu eta mantendu du urte hauetan guztietan, eta, amona eta aita hil ondoren, azken urteetan gazte hau arduratu da etxeaz».

«Elizak ez du hitz egin nahi, oraindik ez du etxegabetzeko arrazoia zein den adierazi, eta etxegabetzeko erabakia berretsi du behin eta berriro»

DONOSTIAKO ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA

Etxegabetu nahi duten gaztea eta etxebizitza sindikatua duela pare bat urtetatik ari dira Elizarekin hitz egin nahian: «Elizak, ordea, ez du hitz egin nahi, oraindik ez du etxegabetzeko arrazoia zein den adierazi, eta etxegabetzeko erabakia berretsi du behin eta berriro».

Izatez, duela urtebete gauzatu nahi zuen etxegabetzea Donostiako Elizbarrutiak, baina, sindikatuak azaldu duenez, ez zituzten bete kontratuaren nondik norakoak, eta kaleratzea urtebetez atzeratzea lortu zuten. Azken hilabetean bildu dira aurrez aurre, lehen aldiz, Elizaren abokatu batekin, baina hark elizbarrutiko arduradunen mezua helarazi soilik egin diela esplikatu dute, eta irtenbide guztiei atea itxi ziela.

Eliza eta turismoaren negozioa

Kaian bizi den gaztearen egoera salatzeaz gain, prentsaurrekoan adierazi dute ez dela «Elizako kideek» beren irabaziak lehenesten dituzten lehen aldia: «2020tik, Donostian haien jabetzakoak ziren eraikinak salgai edo alokairuan jarri eta bertan hotel edo etxebizitza turistikoak eraiki dituzte». Aipatu dute Groseko Zabaleta kalean zegoen Gotzaindegiaren egoitza orain Leonardo Boutique Hotela dela, Artzain Ona Katedralaren ondoko elizbarrutiaren etxebizitzak zeuden tokian orain Villa Katalina Hotela dagoela, San Martin komentua Zenit luxuzko hotela dela, eta San Bartolomeko komentua eta eskola zena orain Catalonia luxuzko hotela dela, besteak beste. Sindikatuaren arabera, horiei esker gutxienez 50 milioi euro irabazi ditu Elizak.

Donostiako Udalari ere egin dizkiote kritikak: «Turismoaren negozioa erregulatzea irtenbide gisa saltzen du, baina, aldi berean, enpresari eta errentatzaileen irabaziak handitzeko baldintzak ezartzen ditu». Horren harira, zera azaldu dute: «Urtarrilean, udalbatzak adierazi zuen hiriko eremu saturatuetan ezeztatu egingo zuela hotel gehiago eraikitzea. Eta, hala ere, aste honetan luxuzko beste hotel baten eraikuntzaren berri eman dute, baimen kontu eta epe burokratikoen aitzakiapean babestuta».

Etxebizitza sindikatuaren eta Alde Zaharreko bizilagunen agerraldia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Etxebizitza sindikatuaren eta Alde Zaharreko bizilagunen agerraldia gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Bitartean, langile klasea pobretzen eta hiritik kanporatzen ari direlakoan dago etxebizitza sindikatua. Adierazi dute etxebizitzaren eta turismoaren negozioak eragin zuzena duela Alde Zaharrean, geroz eta gehiago direlako turismora bideratutako establezimenduak, eta etxegabetzeak ere areagotzen ari direlako. Gogorarazi dute azken bost urteetan %45 garestitu dela auzoko metro koadroaren prezioa, eta kaltetuenak «langile klaseko geruzarik zaurgarrienak» direla.

Amaitzeko, auzokideek eta sindikatuko kideek etxegabetze guztiak eteteko exijitu dute, gaur salatu duten etxegabetzetik hasita. Etxegabetze horren inguruko auzo batzar bat egingo dute ekainaren 5ean, eta ekainaren 27an «gehiengoaren kontura aberasten direnen hiri eredu kapitalistaren aurka» mobilizatuko dira, 12:00etan Bulebarretik abiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA