Elizondoko Benito Menni zentroan bi aste gehiago egingo dituzte greban

ELAk egin du greba deialdia. Zentroaren egoera «larria» dela uste du, eta Hermanas Hospitalarias enpresari eta Nafarroako Gobernuari egotzi die ardura.

Benito Menniko langileen protesta, Iruñean, aurtengo maiatzean. IÑIGO URIZ / FOKU
Benito Menniko langileen protesta, Iruñean, aurtengo maiatzean. IÑIGO URIZ / FOKU
Elizondo
2025eko abuztuaren 22a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELAk grebara deitu ditu berriro Elizondoko (Nafarroa) Benito Menni osasun mentaleko zentroko langileak: bi asteko greba, astelehenetik irailaren 7ra. Sindikatuaren esanetan, grebaren arrazoia zera da, zentroaren «egoera larriaren» inguruan haren kudeatzaile Hermanas Hospitalarias enpresak eta Nafarroako Gobernuak duten «jarrera». «Iazko azaroan gatazka hasi zenetik, enpresak ez du inoiz bildu nahi izan hartutako erabakiek izan duten ondorioez hitz egiteko», adierazi du ELAk. Greba deialdi hau kontatuta, langileek 64 egun egingo dituzte greban. Sindikatuak adierazi du enpresak, hitzarmen kolektiboa negoziatzeko orduan, «entzungor» egiten diela langileen eskakizunei. «Benetako» negoziazioa eskatu du.  

ELAk zehaztu du Hermanas Hospitalarias enpresak Elizondoko zentroak dituen hiru eraikinetako bat ixtea erabaki zuela iazko azaroan, «enpresa etekinak are gehiago handitzeko». Hori Nafarroako Gobernuaren baimenarekin egin zuela uste du. Sindikatuak nabarmendu du ELAren ordezkariek zentroaren «egoera larria» azaldu eta «informazio guztia» helarazi ziotela Nafarroako Gobernuari martxoaren 6an egindako bileran, baina ez dela ezer egin egoera hori konpontzeko.

«Monopolio bat»

ELAk salatu du Nafarroako Gobernuak Hermanas Hospitalarias enpresari bakarrik eman diola baimena osasun mentaleko arazoak dituztenak artatzeko. «Monopolio bat da», uste du sindikatuak. Zerbitzuaren kalitatearen ordez «negozioa» lehenestea egotzi dio enpresari, eta Nafarroako Gobernuari, berriz, halako zerbitzu bat azpikontratatu izana. 

Greba egunetan mobilizazioak egingo dituzte: abuztuaren 29an, autokarabana Elizondon; irailaren 3an, elkarretaratzea Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialen Departamenduaren aurrrean; eta irailaren 5ean, beste kontzentrazio bat, Elizondoko udaletxearen aurrean, 19:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.