Elizondoko Benito Menni zentroko langileek 228 egun bete dituzte «zaintza duin baten alde» greban

Osasun mentaleko zentroko langileek administrazioari eskatu diote gatazkan esku hartzeko eta hala «kalitatezko zerbitzua» nola lan baldintza «duinak» bermatzeko.

Benito Menniko langileek 228 egun daramatzate greban, eta agerraldia egin dute Nafarroako Gobernuari eskatzeko ardurak har ditzala. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Benito Menniko langileek 228 egun daramatzate greban, eta agerraldia egin dute Nafarroako Gobernuari eskatzeko ardurak har ditzala. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne begiristain
2026ko ekainaren 17a
12:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elizondoko (Nafarroa) Benito Menni osasun mentaleko zentroko langileek 228 egun egin dituzte jada greban, lan baldintza duinak eta erabiltzaileentzako kalitatezko arreta eskatzeko. Bada, beharginek agerraldia egin dute gaur, salatzeko Nafarroako Gobernuak ez duela negoziazio mahaian eseri nahi, eta ez dela dagokion ardura betetzen ari, nahiz eta otsailean Nafarroako Parlamentuak eskatu zerbitzuaren berezitasunak kontuan hartzeko eta beharrezko baliabideak jartzeko.

Urte eta erdi luze igaro da langileen eta enpresaren arteko gatazka piztu zenetik. Zentroko beharginen arabera, Hermanas Hospitalarias fundazioak eraikinetako bat ixtea erabaki izana da gatazkaren jatorria. Neurri horren ondorioz, haien esanetan, lan baldintzak okertu dira —kaleratzeak izan dira, eta lan karga handiagoa dute—, eta erabiltzaileei eskaintzen zaien arretaren kalitatea apaldu egin da.

Administrazioaren erantzunik ez

Zentroa itundua da, Nafarroako Gobernuak finantzatua. Horregatik, administrazioari zuzenean esku hartzeko eskatu diote langileek, bai «kalitatezko zerbitzua» bai lan baldintza duinak bermatzeko. Iaz hiru bilera egin zituzten langileek gobernuko ordezkariekin, baina administrazioak ez zuen borondaterik erakutsi neurri eraginkorrak negoziatzeko, ELA sindikatuaren arabera.

Aurtengo otsailean, berriz, Nafarroako Parlamentuak foru gobernuari eskatu zion osasun mentalaren sektorearen berezitasunak aintzat hartzeko, baita zerbitzuaren kalitatea eta langileen lan baldintzak hobetzeko baliabideak bermatzeko ere. Haatik, langileek diotenez, oraindik ez dute erantzunik jaso, eta eskubide sozialetako zuzendaritzari eskaturiko bilera ere ez da egin. Bestalde, grebalariek diote enpresak aurkeztutako proposamenek ez dituztela aintzat hartzen lantaldearen eskari nagusiak: besteak beste, urtean gutxienez 22.400 euro gordineko soldata izatea, lanorduak murriztea, «arreta duina» emateko moduko langile ratioak jartzea, eta hitzarmen baldintzak ezartzea eskatu dute.

Benito Menni zentroko langileen ustez, gatazkak agerian utzi du funtsezko zerbitzu publikoen azpikontratazio ereduak zer muga dituen. «Baliabide publikoak kudeatzen dituzten erakunde pribatuen jarduerak ez ditu behar bezala bermatzen ez lan baldintzak, ezta zerbitzuaren kalitatea ere». Horregatik diote indarrean dena ez dela lan gatazka hutsa, zaintza eredu «duin» baten aldeko borroka dela eurena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE