Urtebeteko hutsunearen ostean, Gazte Topagune Sozialistak Altsasutik (Nafarroa) Elizondora (Nafarroa) egingo du bidaia aurten, bertan ospatuko baitituzte Gazte Koordinakunde Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) 2026ko topaketak. Urriaren 9an hasiko dira, eta, lau eguneko egitarauaren ostean, hilaren 12an amaituko dira.
Gaur aurkeztu dute topagunea, Elizondoko Txokotoko zubian. Bi antolakunde sozialistek azaldu dutenaren arabera, lau egun horietan zehar gaur egun pil-pilean dauden hainbat auzi jorratu nahi dituzte, baita «sozialismoaren bidean indarrak» batu ere. Aurtengo topagunearen leloa Dagoena onartu ala borrokara batu izango da.

6. topagune sozialista
GKSk eta IASk (orduan IA zenak) 2019ko udan egin zuten lehenengoz Gazte Topagune Sozialista, Azpeitian (Gipuzkoa), eta, pandemiako murrizketen ostean, Altsasun egin zuten 2021ean. 2022an Bizkaian egin zuten lehenengoz, Durangon, eta 2023an Iruñerrian egin zuten, nahiz eta aurreikusita zeuden ekitaldi gehienak ezin izan zituzten egin, «EH Bilduren debekuengatik», antolatzaileek salatu zutenez. 2024an Altsasura itzuli zen topagunea, eta aurten Nafarroan jarraituko du, Baztanen oraingoan.
Antolatzaileen ustez, faxismoaren gorakada eta antifaxismoaren kriminalizazioa dira egun gazteriak Euskal Herrian dituen arazo nagusietako batzuk, baita «eskubide politikoen atzerakada, ideia matxisten hedatzea eta gazteriaren bizimodu prekarioa» ere. Hori dela eta, topagunera joango diren gazteen artean gai horiek jorratu nahi dituzte, besteak beste.
Egitarauko ekintza eta jarduerarik ez dute azaldu oraingoz, baina esan dute aurrerantzean sare sozialen bidez iragarriko dituztela.