Euskal Herriaren egoera turistei erakustea: horixe da Sare Herritarrak eta Etxerat-ek hondartzetan egiten dituzten mobilizazioen helburuetako bat. «Kanpotik datorren jende horri begira jartzeagatik ezaugarritu da beti hondartzetako ekimena, oraindik bizi dugun sufrimendua adierazteko eta aldarrikatzeko kanpotik datorren jende horren guztiaren aurrean», esplikatu du Beñat Uribe-Etxeberriak, Sare Herritarreko arduradunetako batek. Ez da turistei begirakoa soilik; «hondartzan jende asko egoten da, eta horiengana heltzen ere ahalegintzen gara», erran du. Urteroko hitzordua izaten da hondartzetakoa, eta udako ekinaldi oso baten barnean kokatzen da: Helmuga denak etxera da aurtengo leloa, eta heldu den igandean elkartuko dira hondartzetan.
Orotara 11 hondartza batu dira ekinaldira: Gipuzkoako hiru eta Bizkaiko zortzi. Bizkaian, Bakioko, Eako, Lagako, Laidako, Lekeitioko, Mundakako, Muskiz-Zierbenako eta Ondarroako hondartzetan mobilizatuko dira; eta Gipuzkoan, berriz, Debakoa, Donostiakoa eta Zarauzkoa hautatu dituzte. Hondartzak aldatuz joaten dira urtero, baina aldarriak ez. «Herri bakoitzak erabakitzen du dinamikan sartu edo ez; guk euskarriak eta txapela jartzen dizkiogu, baina haien dinamika izaten da», azaldu du Uribe-Etxeberriak. Aldarria: elkarbizitza justu eta iraunkor baterako eskubidea.
Izan ere, nola Sare Herritarrak hala Etxerat-ek salatu dute Euskal Herriak urtez urte bizi izan duen sufrimenduak distantzia batzuk markatu dituela, eta batzuek «gutxietsi eta ukatu» egin dutela sufrimendu hori. «Eta hala egiten dutela oraindik». Horrexegatik aldarrikatzen dute elkarbizitza: «Ulertzen dugulako sufrimendu horiek guztiek aitortuak izan behar dutela, eta lortuko dugula egun batean elkarri begirunez begiratzea». Baina, horren aitzinetik, konponbide bat eman behar zaio sufrimenduari; bai euskal presoen auziari, eta bai iheslari eta deportatuen auziari.
Eta konponbide horretarako, Uribe-Etxeberriaren irudiko, biktimen aitortza eta errekonozimendua beharrezkoa da: «Horrela egingo baitugu jauzi elkarbizitza agertoki batera». Edonola ere, oraindik badauzkate askatu gabeko korapilo batzuk, eta erregimen itxiarena da horietako bat. Espetxe politika arrunta aplika dezatela eskatzen dute: «Euskal presoen auziari konponbidea emango bazaio, salbuespenetan oinarritzen den espetxe politika batek salbuespena gainditu behar du, eta lege arruntera bidean pausoak ematen hasi».
«Berez, orain dela urte asko tokatzen zitzaien artikuluaren aplikazioaren atzetik joatea, baina zenbait eragile eta alderdi mendeku gosez daude oraindik, eta interes horrek eragin zuzena du Auzitegi Nazionalean»
BEÑAT URIBE-ETXEBERRIA Sare Herritarreko kidea
Hain justu, salbuespena gainditu zelako eman zitzaion amaiera sakabanaketari, eta Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumenak lortu ditu euskal espetxe eredua sortzeko. «Eredu hori teorian garatzen ari da, baina ez dugu uste aldaketek praktikara jauzi egiten dutenik», aitortu du Uribe-Etxeberriak. «Horregatik, uste dugu euskal espetxe eredu horretan sakontzen jarraitu behar dugula, lege arruntera gerturatzen, zeren oraindik espetxean edo erregimen itxian jarraitzen duten preso horiek, lege arrunta eskuan hartuta, betetzen baitituzte kalera irteten hasteko baldintzak». Eta hauxe da erreminta: iraganeko fasea gainditzea eta elkarbizitza jokalekura gerturatzea.
Hamabortz urtez gibelera begira
Auzia «gehiegi» luzatu da, Uribe-Etxeberriaren irudiko. Eta horregatik dute «berebiziko premia» konponbide bat bilatzeko, «hamabost urteren ondoren sufrimenduak hemen jarraitzen duelako». Aurten beteko dira hamabortz urte ETAk jarduera armatua bukatuko zuela erran zuenetik, eta Uribe-Etxeberriak salatu du zenbait eragilek eta alderdik «interes handia» dutela oraindik ere iraganean iltzatuta geratzeko. «Anakronia horretan oso eroso daude». Munduko bertze zenbait auzirekin konparatu du Euskal Herriko gatazka, eta deliberatu du gainerako lekuetan bake prozesuak aktibatu direla sufrimendua bukatzeko, eta Euskal Herrian ez dela inoiz halakorik gertatu. «Interes partikularretatik harago, uste dugu euskal gizarteak badaukala nahia eta adierazten duela beharra iraganera begiratu ordez etorkizunera begiratzeko».
Iraganarekin ez ezik, erbestean direnen egoerarekin «blokeatuta» daudela erran du Uribe-Etxeberriak, ikusten baitute badagoela interes judizial eta polizial bat iheslari politiko eta deportatuen auzia «lotuta» mantentzeko. «Aurten bi iheslarik galdu dute bizia erbestean, lau hamarkada etxetik urrun eman ondotik. Geroz eta zuzenago ari gara sentitzen oldarraldia». Hamahiru iheslari politiko eta hiru deportatu daude guztira, eta lau hamarkada daramatzate erbestean. Hortaz, konponbideaz eta euskal espetxe ereduaz ari direnean, ez dira soilik espetxeez ari, baizik eta «auziaz, bere osotasunean, eskubide urraketa guztiak kontuan hartuta».
Euskal presoei salbuespenak aplikatzen zaizkielako urratzen dizkiete eskubideak, eta bi dira salbuespen motak: salbuespen legeak eta salbuespen politika. Legeak ETA indarrean zegoenean Espainiako Estatuak jarri zituenak dira; alegia, espresuki eta zehazki garai hartara egokituak. «Orduan jada salbuespenekoak ziren; pentsa, beraz, orain nolakoak izango diren». Lege horietako bat da, erraterako, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko buru ohiak onartutako gehienezko zigorraren luzapena, 30 urtetik berrogei urtera.
«Aurten bi iheslarik galdu dute bizia erbestean, lau hamarkada etxetik urrun eman ondotik. Geroz eta zuzenago ari gara sentitzen oldarraldia»
BEÑAT URIBE-ETXEBERRIA Sare Herritarreko kidea
Eta salbuespen politikak erran nahi du bertze edozein arrazoirengatik espetxean dagoen bati eskatzen zaizkion baldintzak bi-hiru bider gogorragoak direla euskal preso batentzat. «Modu kontzientean eta antolatuan egiten dute dena, gainera», salatu du Uribe-Etxeberriak. Azken hilabeteotan, gainera, Espainiako Auzitegi Nazionala gibelera botatzen ari da 100.2 artikulua aplikatzea, eta hori «antsietatez» bizi dute «bai senideek, bai presoek eta bai guk, haien askatasunaren alde kalean gabiltzanok».
Izan ere, Sare Herritarreko kideak esplikatu duenez, presoek baldintzak betetzen dituzte ez bakarrik 100.2 artikulua eskatzeko, baizik eta hirugarren graduan edo baldintzapean aske egoteko. «Berez, orain dela urte asko tokatzen zitzaien artikuluaren aplikazioaren atzetik joatea, baina zenbait eragile eta alderdi mendeku gosez daude oraindik, eta interes horrek eragin zuzena du Auzitegi Nazionalean». Uribe-Etxeberriaren arabera, errekurritu dituzten hirugarren gradu eta 100.2 artikulu horiek «ezer gutxi» dute oinarri juridikotik, eta «ia gehiena» oinarri politikotik.
Hortaz, igandean hondartzak hartzeko deia egin du Sare Herritarreko kideak, elkarbizitza justu eta iraunkor baten alde, eta euskal preso eta iheslari politikoak etxeratu arte. «Nahi genuke hondartzetako ekimen hau ere azkena izatea, sinesten dugu-eta luze gabe aske izateko baldintzak izan ditzakegula».