Euskara

Elkargoetan euskararen erabilera bultzatzeko ekinbidea abian jarriko dute

'Elkargoak Euskaraz' ekinbidea sustatu dute Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbao Metropoli-30ek eta profesionalen elkargoek

'Elkargoak Euskaraz' ekinbidearen aurkezpeneko argazkia, gaur goizean. IREKIA
unai etxenausia
2022ko ekainaren 08a
14:54
Entzun

Bilbao Metropoli-30 elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Elkargoak Euskaraz ekinbidea aurkeztu dute Bizkaiko Abokatuen Elkargoan. 2011z geroztik, Bilbao Metropoli-30 elkartea BasquePRO proiektuan ari da lanean. Proiektu horren esparruan, elkargo profesionalen sarea sortu zuten, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elkargokide diren 50.000 profesional inguru ordezkatzen ditu gaur egun. Hain zuzen, sare horren egitasmo berri bat izango da Elkargoak Euskaraz, eta elkargoetan euskararen erabilera bultzatzea izango du xede. Elkargoetan euskalduntzeko prozesua eta euskara sustatzeko prozesuak abiatzeko eta garatzeko lana errazteko balioko du, eta, aldi berean, BasquePRO proiektua indartzeko.

Proiektuak hamabi elkargo profesionalen atxikimendua jaso du, eta 13.000 elkargokide inguruk parte hartuko dute. Hainbat zerbitzu eskainiko zaie parte hartuko duten guztiei: euskararen oinarrizko ezagutzak eskuratzeko prestakuntza, terminologia zerbitzua, zalantzak argitzeko zerbitzua, euskaraz lan egiteko lan tresnei buruzko informazioa eta elkargoetako langileentzako euskara eskolak ere eskainiko dira, besteak beste. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan da aurkezpenean, eta, azpimarratu duenez, egitasmoak «hizkuntzak kudeatzeak etekina dakarkio enpresari: balio erantsia».

Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanorde Maite Morillok gogorarazi nahi izan du elkargoak lau hamarkada daramatzala euskara bultzatzen: «80ko hamarkadan euskara eskolak ematen hasi ziren, gero abokatu euskaldunen lantaldea sortu zen eta orain badugu euskara plan bat indarrean». Eta, azkenik, proiektuaren jatorria eta helburuak aipatu ditu Idoia Postigo Bilbao Metropoli-30eko zuzendari nagusiak: «Elkargoak Euskaraz-ek lan eta prestakuntza arloan euskararen erabileran aurrera egiten laguntzen du, eta gure gizarteko beste esparru batzuetan errepikatzeko moduko ekimena da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.