Elkarguneak eta talkak

Lehendakarigaiek hauteskundeetako lehen eztabaida egin dute ETB1n, euskaraz. Ereduen arteko talkak gehiago izango dira elkarguneak baino.

Gorrotxategi, Andueza, Pradales, Reparaz, Otxandiano, Garrido eta Larrea. ETB
Gorrotxategi, Andueza, Pradales, Reparaz, Otxandiano, Garrido eta Larrea. ETB
gurutze izagirre intxauspe
2024ko apirilaren 11
07:05
Entzun

EAJk Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan izan ohi duen nagusitasuna auzitan dago datozen apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, orain arteko inkesta guztien arabera; eta, gainera, botoa emateko asmoa duten hamar lagunetik hiruk oraindik ez dute erabakita nori eman, azken CIS ikerketa zentroaren arabera.

Lehia ireki horren atarian egin zuten bi indar nagusietako lehendakarigaiek, gainerakoekin batera, lehen eztabaida, ETB1en, Nerea Reparazek gidatuta. Aurrez aurre jarri zituzten ideiak lehendakarigaiek: Imanol Pradalesek EAJren izenean, Pello Otxandianok EH Bilduren izenean, Eneko Anduezak PSE-EEren izenean, Laura Garridok PPren izenean, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-Aliantza Berdeen izenean eta Andeka Larreak Sumarren izenean.

Hautagaiek proposamen zehatzak azaldu zituzten, nork berea salduz, aldika beste alderdiren batekin keinuak eginez, elkarguneak ere badituztela azalduz. Pradales saiatu zen helarazten EAJ dela egonkortasunaren bermea eta alderdi guztiekin akordioak egiteko gai den alderdi bakarra, baina galdera zuzenak egin zizkiotenean ez zen erantzutera sartu. Batez ere, Garridok bilatu zuen aurrez aurreko hori. Gehienetan, begirada uxatuz erantzun zion Pradalesek, eta horietako batean erantzun zion PPk Voxekin gobernatzen duen artean, ez direla elkarrekin inora joango. Gehiengoa osatzeko PPren beharra izanez gero bozak ez direla «doan» izango esanez ihardetsi zion, berriz, Garridok Pradalesi. 

Otxandianok, kanpainako ildoari eutsiz, alderdiek dituzten proposamenen arteko elkarguneak identifikatzeko ahalegina egin zuen, datozen erronkei aurre egiteko epe ertain eta luzeko «herri akordio» zabal bat beharko dela sinetsita.

Lau gai adostu zituzten ordu eta erdiko eztabaidarako: ekonomia, zerbitzu publikoak, autogobernua eta itun posibleak.

Ekonomia

Eredu ekonomikoari dagokionez, Otxandianok adierazi zuen lidergo falta egon dela ekonomiari dagozkion erabaki politikoetan aurrera egiteko, «erreakzioa» falta egon dela. Pradalesek gai horretan egin zuen keinu bat Otxandianorekin adostasuna baduela adierazteko, enpresak errotzeko funts baten inguruko proposamenean, hain zuzen. Eta datozen erronkei, deskarbonizazioari, digitalizazioari eta bestelakoei erantzun egin beharko zaiela gehitu zuen, horretarako EAJk programan dituen inbertsio planak azalduz.

Zerbitzu publikoak

Zerbitzu publikoen atalean Osakidetzaren kudeaketa jarri zuten auzitan. Pradalesek ere aitortu zuen hobetu beharra zegoela. Orain arte ez bezala, «herri akordio bat» eskatu zuen Osakidetza onbideratzeko. Otxandianok egoeraren diagnostiko on bat eskatu zuen, eta ardurak asumitzea. Osakidetzaren inguruan EAJk eta PSEk egin ditzaketen proposamenak auzitan jarri zituzten gainerako alderdiek, gobernuan egon direnean izan dutelako aukera orain proposatzen ari direnak indarrean jartzeko, horregatik, «sinesgarritasun falta» egotzi zieten.

Atal horretan sartu zuten etxebizitzaren gaia ere. Nork bere proposamena azaltzen eman zuten denbora gehiena. EAJk 7.000 etxebizitza berri agindu zituen, %40 gazteentzat. Erosteko edo alokatzeko aukerak zabaldu, eta, erostekotan, hipoteka eskatzeko aurreratu behar izaten den %20aren abala Jaurlaritzak ematea proposatu zuen. Anduezak ere etxebizitza gehiago agindu zituen. EH Bilduk esan zuen aukera dagoela indarrean jartzeko 2015ean onartutako etxebizitza legea. Podemosek esku hartze publikoa eskatu zuen etxebizitza politiketan «etxebizitza ez delako aktibo finantzario bat». Sumarrek etxebizitzaren parke publikoa handitzea proposatu zuen. PPk, «okupak 48 orduan botatzea».

Autogobernua

Ados dira autogobernua betetzeko eskaeran, baita PSE-EE eta PP ere, nahiz eta Espainiako Gobernuan PP edo PSOE egon diren txandaka azken berrogei urtetan, eta transferentziak ez dituzten bete. Estatutua berritzearekin ere bat datoz, baina berritze hori zertarako egin behar den galdetu zuten PSE-EEk eta PPk.

Anduezak eta Garridok garbi ezarri zuten marra gorria, Anduezak langa Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak baino gorago jarrita. «Konstituziotik kanpo bada, ezin da». Otxandianok Anduezari gogoratu zion Madrigo Kongresuan Sanchezek nola esan zuen lurralde ereduari buruzko eztabaidaz hitz egiteko legealdia izango zela datorrena. Horregatik proposatu du Otxandianok hurrengo Eusko Legebiltzarra osatzean hiru hilabeteko epean autogobernu lantaldea osatzea, eta jada oinarrizko adostasun batzuk lortuta dauden testuetatik abiatuta bi urtean akordio bat egitea «herri gisa» Madrilera eramateko. Pradalesek beste eskema bat proposatu zuen, eperik gabe: Legebiltzarreko akordioa Madrilen aldebikotasunez adostea, bete dadin berme sistema bat ezartzea, nazioaren aitortza jasotzea eta gizarteari hitza ematea.

Garridok zuzenean galdetu zion Pradalesi ea independentzia nahi zuen. Otxandianok erantzun zuen «Pradales eta bera independentistak» zirela. Apirilaren 21ean, aurreikuspenen arabera, «mandatu demokratiko bat» egongo dela, eta parlamentuaren %70etik gora abertzalea izango dela esan zuen. Horri «errespetu bat» zor zaiola gehitu zuen Otxandianok.

Gorrotxategik eta Larreak bat egin zuten autogobernua betetzeko eskaerekin, bai eta berritzearekin eta herritarren nahia betetzearekin ere.

Itun posibleak

Itun posibleen inguruan Pradalesek argi utzi zuen orain arteko formulak baliatzera egingo dutela berriro, Otxandianori mintzatuz: «Errespetatu demokrazia parlamentarioa». Bi adibide erabili zituen horretarako. Batetik, Iruñeko Udalean Joseba Asiron alkate dela, babesik handien hark lortuta; bestetik, Madrilen Alberto Nuñez Feijoo gobernuburu ez bada, gehiengorik lortu ez zuelako izan zela. «Ez inposatzeko» eskatu zion. Otxandianok erantzun zion ez dela ari inposatzen, «eskua luzatzen» baizik.

Azaldu zuen hauteskundeen ostean inoizko legebiltzarrik abertzaleena eta aurrerakoiena izango dela. Horrenbestez, esan zuen orain arteko formulek ezin diotela erantzun «herri mandatu» horri: «Gainbehera bat izan dugu etxebizitza politikan, industria politikan, Osakidetzan, eta ezin da gobernatu herri xede argirik gabe». «Interes alderdikoiek zamatutako» aliantza politikoa izatea egotzi zien EAJri eta PSE-EEri, eta XXI. mendeko erronkei erantzuteko «herri akordio zabalak» adostea eskatu zuen.

Ereduen talka dagoela esanez erantzun zion Pradalesek. Talka hori azaleratu zuen EH Bildurekin zenbait gaitan, hala nola polizia ereduan, etxebizitza politiketan eta hezkuntza akordioan.

Anduezak ere garbi utzi zuen indarrik handiena batzen duenak duela gobernatzeko aukera, eta EH Bildurekin akordioak egiteari uko egin zion berriro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.