gurutze izagirre intxauspe

Bi ondorio

2024ko apirilaren 11
12:30
Entzun

Bi ondorio: baga, EAJ-PSE gobernu koalizioa berrituko dute, ahal badute, eta PPren beharra badute, jasoko dute; biga, estatutua berritzeko, akordiorako zirrikitu bat ireki liteke EAJren eta EH Bilduren artean.

Baga. Inkesta guztiek igoera bat ematen diote EH Bilduri, ikusteko dago norainokoa; eta jaitsiera bat EAJri, ikusteko dago norainokoa. Gehiengo osoa ez du inork izango, eta akordioak beharko dituzte. Zalantzarik bazen, atzoko ETB1eko eztabaidan argi geratu zen: «Errespetatu demokrazia parlamentarioa», esan zion Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiari. Alegia, ez duela gobernatzen boto edo eserleku gehien lortzen duenak, baizik babes gehien lortzen duenak. Eta hor EAJk 31 dauka eskutik.

Anduezak esan zuen babes gehien lortzen duenak gobernatzen duela, eta berretsi zuen ez duela gobernurik egingo EH Bildurekin. Ikusteko dago, baina, EAJren eta PSE-EEren artean gehiengo osora, 38 eserlekura iritsiko diren. Ez badira iristen, PP sartzen da jokoan, eta ohartarazi du bere botoak ez direla «doan» izango.

Ez da berdin, baina, EH Bildu boz eta eserleku gehien izanda iristea apirilaren 22ra —CISen azken inkestak irabazletzat jotzen ditu—. Ez du sabaia jo, eta PP ez beste alderdi guztietatik iristen zaizkio botoak EH Bilduri.

Hor sartzen da «pazientzia estrategikoarena», EH Bilduri orain arte emaitza onak eman izan dizkiona. Alegia, uste sendo batzuk izatea, bidean sor litezkeen oztopoei aurre egiteko borondatea izatea, eta aurre egitea deseroso sentiaraztea eragin dezaketen egoerei, uste sendoa izanda hautatutako bidea izan dela egokiena.

Giharraren arabera, beste indar batekin sar litezke datozen erronkei aurre egiteko beharko diren akordio zabaletara.

Biga. Tresna baliagarria izan liteke estatutu berritua datozen erronkei aurre egiteko. EH Bilduren indarraren arabera, EAJk ezingo du berritu estatutu bat PSE-EErekin bakarrik, hezkuntza legearekin egin duen moduan. Inoizko legebiltzar abertzaleena izango da, inkesta guztien arabera. EAJk eta EH Bilduk adierazi dute debatean autogobernu gehiagorako nahia. Estatutu berriak gehiengo oso horren nahia jaso beharko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.