«Etapa berri baten hasieran gaude». Hitzokin laburbildu du Iñigo Urkullu lehendakariak bere gobernuak hasi berri duen bidea. Ajuriaenean bildu dira Jaurlaritza berriko sailburuak karguaren zina egiteko, eta Iñigo Urkullu lehendakariak elkarrizketaren eta akordioaren aldeko mezua bidali die.
Koronabirusaren krisialdi «gogorra» kudeatzea egokituko zaio gobernu berriari, eta ezinbestekoa izango du «elkarlanean» aritzea, Urkulluk nabarmendu duenez. Lehendakariak eskua luzatu die alderdiei, instituzioei eta gizarteari aurrean dauden erronkei heltzeko. Ekonomia suspertzea, oinarrizko zerbitzuak bermatzea eta enplegua sortzea aipatu ditu lehentasunen artean. «Indarrak batzeko garaia da», adierazi du.
Urkulluren hirugarren agintaldiko lehen hitzaldia ez ezik, gobernuko sailburuen karguaren zina ere baldintzatu du koronabirusak. Maskara aldean, distantzia mantenduta eta ohi baino gonbidatu gutxiagorekin hartu dute kargua hamabigarren legealdiko sailburuek. Urkulluren alde batean izan dira gobernuko sailburu berriak, eta bestean jarri dira gobernua utzi dutenak —bostak emakumeak—, eta atzean paratu dira Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak.
Protokoloak gidatu du ekitaldia. Formula bera erabilita egin dute zina sailburu guztiek: agintea «Euskadiren zerbitzuan eta legearen arabera zintzo eta leialki» erabiliko dutela «hitzeman» dute, eta Gernikako Estatutuaren ale baten gainean eskuineko eskua jarrita promes egin diote karguari.Euskaraz eta gaztelaniaz egin dute euren karguaren zina Iñaki Arriola, Javier Hurtado eta Bingen Zupiria sailburuek, eta euskara hutsean, berriz, gainerakoek.