Euskararen biziberritzean erreferentzia dira Emun eta Plazara kooperatibak. Hego Euskal Herrian dihardu Emunek: 27 urteko ibilbidea du. Plazara, berriz, orain dela bi urte sortu zuten, eta Ipar Euskal Herrira begira ari da. Gaur, elkarlanerako hitzarmena sinatu dutela jakinarazi dute. Esperientzien trukea egitekoaz gain, euskararen biziberritzean dauden erronkei elkarrekin aurre egiteko konpromisoa azaldu dute bi kooperatibek.
Aditzera eman dutenez, lehentasunetako bat izango da aisialdian eta kirolean egin dituzten jardunbideen gaineko esperientziak azaltzea elkarri. Hori abiaburua izatea espero dute, «epe luzerako» lankidetzarako oinarriak jartzea baita asmoa.