Gipuzkoako aurrekontuak aurrera aterako dira Elkarrekin Ahal Dugu-ren babesari esker. Bai Miren Etxebeste Elkarrekin Ahal Dugu-ren Gipuzkoako Batzar Nagusietako eledunak bai Eider Mendoza diputatu nagusiak jakinarazi zuten EAJren eta PSE-EEren 2026rako aurrekontu proposamena Elkarrekin taldearekin negoziatzen ari zirela. Negoziazioak aurreratuta zeudela ere esan zuten, eta, gaur argitu dutenez, jada egin dute akordioa.
EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengo osorik Gipuzkoako aurrekontuak aurrera ateratzeko, eta beste alderdiren baten babesa behar dute. Iaz, PPren babesarekin onetsi zituzten 2025erako aurrekontuak. Aurten, Elkarrekin Ahal Dugu-rekin egin dute akordioa.
Foru Aldundiak 2026rako proposatutako aurrekontua 1.296 milioi eurokoa zen. Elkarrekin-ek 50 milioiren zuzenketak aurkeztu zituen, eta, azkenean, hemeretzi milioiko gehigarri bat adostuta egin dute akordioa. Batez ere, zahar etxeetako zaintzaileen soldatak igotzeko baliatuko da zuzenketen bitartez lortutako diru saila; hamar milioi izango dira, hain zuzen. «Hala, lortu dugu diputazioak konpromisoa hartzea patronalen eta sindikatuen ordezkariekin bilerak egiteko eta hitzarmen sektorial bat sustatzeko, helburutzat hartuta zahar egoitzetako langileen lan baldintza prekarioak eta ratioak hobetzea», azaldu du Etxebestek.
Gehitu duten diru sailaren beste parte bat garraio publikoa sustatzeko izango da, eta beste bat etxebizitza parke publikoa handitzeko lurrak eskuratzeko, Etxebestek baieztatu duenez.
Garraio publikoari lotuta, doakotasuna sustatu nahi dute 15 urteko azpikoentzat. Gainera, 26 urtez azpikoentzako hobariak handitu nahi dituzte Mugi txartelari lotuta, eta Lurralde Busen beste ibilbide batzuk eskaintzeko aukera aztertu, era horretan garraio publikoa lehiakorragoa izateko. Elkarrekin-ek, halaber, 200.000 euroko diru sail bat ere sarrarazi du, Andoainen, A-15 eta N-1 errepideen arteko loturan, sortzen diren korapiloei premiazko irtenbide bat bilatzeko.
Irungo alarde publikoa sustatzeko beste 40.000 euro eranstea ere lortu dute. «Gero eta parte hartzaile gehiago ditu, eta horrek eragiten dituen kostuak estaltzeko izango da diru saila; izan ere, Irungo Udalak oraindik ere ez du berdintasuna sustatu nahi bere jaietan», adierazi du Etxebestek.
Mendozak ere akordioa txalotu du, prentsara igorritako ohar batean: «Inoizko aurrekonturik handienak dira, etorkizuneko zaintza eta industria bermatzeko modua emango digutenak», esan du.
Bihar dira osoko zuzenketak eztabaidatzekoak, baina aurrekontuek aurrera egingo dutela jakinda aurre egingo diote eztabaidari. Ondo bidean, tramiteak igaro, eta abenduaren 19an aterako dira aurrera Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2026rako aurrekontuak.