Zehar lerroak txertatu ditu Eusko Jaurlaritzak aztertze bidean dauden lurraldea antolatzeko gidalerroetan. Hau da, ildo horietatik ateratarako ekintza orok zaindu beharko ditu zeharkako gai horiek: genero ikuspuntua, klima aldaketa, osasuna.... baita euskara ere. Horri buruzko azalpenak eman ditu Izaskun Iriartek, Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Lurralde Plangintzako jarduneko sailburuordeak.
Euskara lurraldea antolatzeko gidalerroetan sartzeak zein ekarpen egin dezake?
Zeharkako gai horiek agendan sartzeko modu bat izan da erabakia; hain zuzen ere, lurraldea antolatzeko tresnak abiaraztean, gai horiek kontuan hartzeko modu bat. Agian euskararekin lotutako gaiek ez dute lotura esturik lurraldearekin. Dena den, edozein ekintzak eragin egiten duenez, eragin hori azter daitekeela uste dugu. Agendan sartu dugu, gai hori ere kontuan hartzeko.
Nola landu daiteke hori arauetan edo jardueretan?
Ez da erraza neurri loteslerik hartzea. Dena den, ondorio argi berdinera heldu gara: hirigintzako teknikariek euskararen normalizaziorako teknikariekin batera lan egin beharko dute etorkizunean. Bidea egin behar dugu, eta bide horretan hasi berriak gara.
Ba al dago nora begiratu? Eredurik al dago gure inguruan?
Orioko [Gipuzkoa] hiri antolamendurako plan orokorrean kontuan izan zuten hizkuntzaren ikuspuntua. Besteak beste, eraikin bat egitean, horren barruan espazio publiko bat sortzean, erabiliko den hizkuntza hartzen dute kontuan: eremu horretan euskara erabiltzeko har ditzaketen neurriak pentsatu. Plangintza egingo dutenek zeharkako gaiak kontuan har ditzatela da gure asmoa. Ez dugu nahi gai bakoitzeko txosten mardul eta lotesle bat egin behar izatea. Bidea hastea da helburua, eta euskara kontuan hartzea lurraldea antolatzean.
Zein pauso emango dituzue ideia horiek martxan jartzeko?
Lehenik eta behin, pentsatu eta hausnartu behar da; esparru ezberdinen arteko lankidetzarako guneak sortu: hirigintza, euskara, generoa... Bigarrenik, modu bigunean, neurriak hartu euskara bultzatzeko. EHUn graduondoko bat antolatu da, UEUk sustatuta: Lurraldea eta Hizkuntza; Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa. Ez da gai erraza, baina hasi behar genuen bide horretan.
Nola pasa daiteke lurraldea antolatzeko gidalerroetatik udaletako jardunera?
Gai garrantzitsu bat dago hor: 2021. urterako udalek euren hiri plangintza egokitu beharko dute EAEko Lurzoru eta Hirigintza Legera, eta aintzat hartu behar dituzte lantzen ari garen gidalerroak. Udalen %30 inguruk baino ez dute hori egin; lortu behar duguna da falta diren udalen %70 horiek zeharkako gai horiek ere kontuan hartzea.
Nola bermatuko duzue neurriak betetzen direla? Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren Dekretuak saltokietako hizkuntza paisaia zuen buruan, baina eragin urria izan du, hein handian zigortzen ez duelako.
Aurretik esan bezala, modu bigunean egingo dugu bidea. Orekak lortzen saiatzen ari gara, erakunde eta sektore guztien artean. Ondorio argi batera heldu naiz: edo denen artean adosten dugu zer egin behar dugun, edo inposaketaren bidetik ez goaz inora. Euskararen erabilera norberaren apustua da; norberaren jarrera. Asko aurreratuko genuke jarrera hori kutsatzen asmatuko bagenu.
Izaskun Iriarte Irureta. Administrazio eta Lurralde Plangintzako sailburuordea
«Elkarrekin lan egin beharko dute hirigintza eta euskara teknikariek»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu