HAUTESKUNDEAK

Elkarrekin Podemosek harremanak hautsi ditu Orain Deba taldearekin

Orain Debak akordioa egin du EAJrekin, EH Bildu alkatetzatik kentzeko.

EAJren Debako udal taldea. EAJ
jon olano
2023ko ekainaren 14a
11:07
Entzun

Larunbatean eratuko dira Hego Euskal Herriko udalak, eta orduan aukeratuko dituzte alkateak. Deban (Gipuzkoa), atzo zabaldu zen Orain Deba plataformak akordioa egin duela EAJrekin, eta Alazne Txurruka jeltzalea babestuko duela alkate izateko.

Maiatzaren 28ko hauteskundeetan, EH Bildu izan zen lehen indarra Gipuzkoako kostaldeko herrian; sei zinegotzi eskuratu zituen, EAJk bezainbeste, baina ehun boto gehiago lortuta. Orain Debak zinegotzi bat lortu zuen, eta, beraz, erabakigarria da balantza alde batera edo bestera desorekatzeko. Gaur egun, Gilen Garcia Boyra EH Bilduko zerrendaburua da alkatea, 2019tik.

Orain Deba plataforma Elkarrekin Podemosen aterkipean aurkeztu zen hauteskundeetara, baina koalizioak adierazi du ez datorrela bat udal taldearen erabakiarekin. «Orain Debak hartutako erabakia aldaketaren aldeko gobernu aurrerakoi eta ezkertiar baten aldeko apustuaren aurka doa; horregatik, koalizioak ez du bere gain hartzen herritarren plataformaren erabakia, eta hautsi egin ditu joan den maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako ezarritako loturak».

Elkarrekin Podemosek, Ezker Anitzak, Berdeek, Equok eta Aliantza Berdeak osatutako koalizioak nabarmendu du bere helburua «aldaketaren aldeko gobernuak erraztea» dela, «ezker eraldatzaile eta ekologista den aldetik, eta helburu hori ez da inolaz ere euskal eremu kontserbadoreari euskal instituzioetarako sarrera ahalbidetzea». Beraz, Orain Debak hartutako erabakiak «ez du koalizioa osatzen duten alderdien babesik izan», eta koalizioa eratzen duten alderdiek uste dute erabaki hori «huts larria» dela: «Euskal eskuinarekin itunak egiteak ez baitakar politika aurrerakoietan aurrera egitea, ez Deban, ez beste inongo udalerritan». Areago, koalizioak jakinarazi du «egokitzat jotzen dituen neurriak» hartuko dituela erabaki hori hartu dutenei begira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.