Elkarrekin Podemosek Otxandiano babestuko du «emaitzek horri bide ematen badiote»

Ezkerreko gobernu bat osatzearen alde egin du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak. Horretarako, Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia babestuko luke Elkarrekin Podemosek.

Miren Gorrotxategi
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen lehendakarigaia, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Egibar Izeta
2024ko martxoaren 11
15:30
Entzun

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak gaur Euskadi Irratian adierazi duenez, prest dago Eusko Jaurlaritzaren buru izateko, baina, «emaitzek horri bide ematen badiote», Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiaren alde egingo luke. Gorrotxategik azaldu duenez, Elkarrekin Podemosek ez du iraganera begiratzen, eta «formularik onenak ezkerreko alderdietatik ateratzen dira».

Ezkerreko gobernu bat osatzearen aldekoa da Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaia, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta Sumar barne hartuta. Gorrotxategik onartu du Podemosek eta Aliantza Berdeak osatu duten koalizioak ez duela lan erraza apirilaren 21eko hauteskundeetan. Nolanahi ere, aldarrikatu du Elkarrekin Podemos dela «gobernua ezkerrekoa izateko borrokan ari den alderdi politiko ezkertiar bakarra».

Gorrotxategik nabarmendu duenez, ezkerrekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko gizartea, eta hori erakutsi egin behar da gobernuan. «Gure botoak eta eserlekuak horretarako baliatuko ditugu, Euskadirako gobernu ezkertiar bat lortzeko, lehenengoz», gaineratu du.

Gorrotxategik adierazi du EH Bildu ez dela «iraganarekin loturiko motxila handi bat duen alderdi bakarra». Hain zuzen ere, PSOEri GALekin duen harremanari buruz galdetu dio. Gorrotxategiren ustetan, gobernatzeko formularik onenak ezkerreko alderdiek osatzen dituzte, eta gaineratu du Elkarrekin Podemosek lan egingo duela EH Bilduk eta PSE-EEk iraganaren «aitortza» egin dezaten.

Bestalde, EH Bilduri eta PSE-EEri aurpegiratu die EAJrekin koalizio gobernu bat osatu nahi izatea. Gorrotxategiren esanetan, PSE-EEk gainditutzat eman du EAJrekin duen koalizio gobernua, baina, aldi berean, jeltzaleekin gobernatu nahi duela esan. EH Bilduri «beste horrenbeste» egitea leporatu dio.

M-11ko atentatuetatik 20 urte igaro diren honetan, ordu hartan «Madrilgo kaleak bete zituen elkartasun oldea» goraipatu du Gorrotxategik, eta PPren «gezurra» eta atentatuaren «erabilera alderdikoia» deitoratu.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.