Iruñerrian asteartean atxilotu zituzten zortzi pertsonen artetik bost atxilo daude oraindik: jakinarazi dutenez, gaur lau ziren epailearen aurretik igarotzekoak; atzo askatu zituzten beste hirurak. Gaur arratsean, hain zuzen, oraindik preso daudenei babesa emateko elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek.
Oraingoz, gutxienez, ez dute adierazi deklaratu ostean laurak askatu dituztenik. Iruñeko Auzitegia ari da arduratzen ikerketaren aitzina eramateaz.
Guardia Zibilak eta Foruzaingoak astearte goizean egindako atxiloketek lotura dute Espainiako lau militarri uztailaren 19an Berriozarren egindako erasoarekin. Hain zuzen, zortziak Berriozarren, Antsoainen eta Iruñeko Txantrea eta Arrotxapea auzoetan atxilotu zituzten; horietarik hiru, behintzat, adingabeak dira.
Egun hartan, Espainiak eta Argentinak Munduko Futbol Kopako finala jokatu zuten: orduan gertatu zen liskarra, Berriozarko taberna bateko terrazan. Guardia Zibilaren arabera, hiru militar zauritu ziren, eta, guztira, sei lagun. Orduan ez zuten nehor atxilotu, baina militarrek salaketa jarri zuten.