Elkarretaratzea eginen dute Antiguan, talde faxistek Sorian jipoitutako donostiarrari babesa adierazteko

Bizilagunek salatu dute eskuin muturreko zenbait talde elkartu zirela maiatzaren 27an Sorian, eta erasoa «aurretik prestatu zutela».

Antiguako bizilagunek antolatutako elkarretaratzearen harira zabaldutako bideoaren irudi bat. BERRIA
Ion Orzaiz.
2023ko ekainaren 9a
14:12
Entzun

Iragan maiatzaren 27an, ultra talde batek eraso egin zion Ion A. 44 urteko donostiarrari Sorian (Espainia), Numantzia eta Cornella taldeen arteko futbol partidaren aurretik. Hainbaten artean jipoitu zuten gizona, eta, zaurien ondorioz, Burgosko (Espainia) ospitaleko ZIU zainketa intentsiboetako unitatean izan da ordutik, oso larri, eragindako koma egoeran. Naiz.eus atariak jakinarazi duenez, ordea, donostiarrak hobera egin du azken orduetan, sedazioa kendu diote, eta hasia da konortera etortzen.

Bestalde, erasoa gaitzesteko eta gizonezkoari babesa erakusteko xedez, Antigua auzoko bizilagunek elkarretaratzea antolatu dute: heldu den ostegunean izanen da, ekainaren 15ean, 20:00etan, Gaskoinia plazan. Antolatzaileek ohar batean adierazi dutenez, Donostiako bizilaguna Soriara joana zen egun hartan, lagun bat bisitatzera. Egun horretan jokatzekoa zen Numantzia eta Cornella taldeen arteko partida, eta bi taldeotako zaleen arteko giroa «errespetuzkoa eta egokia» zela adierazi dute. «18:00etan, ordea, 50 kaputxadunez osatutako talde faxista antolatu bat agertu zen inguruan, eta bi taldeen zaleei oldartu zitzaizkien, harriak eta kristalezko botilak jaurtiz, eta lurrean babesgabe edo zaurituta zegoen jendea joz».

Egun hartan Sorian hiru talde faxista elkartu zirela salatu dute Antiguako bizilagunek: «Orgullo Numantino izeneko talde faxista batek bigantxen ikuskizun bat antolatu zuen, eta han izan ziren Guetto 28 eta Ligallo, Leganesko eta Zaragozako talde faxistak (Espainia), hurrenez hurren. Hor planifikatu zuten erasoaldia, han prestatu ziren, eta armak hartu zituzten».

Ultrek jaurtitako harrietako batek Ion A. donostiarra jo zuen buruan, eta gizona zerraldo erori zen lurrera, konorterik gabe. Lurrean zegoela, erasotzaileek ostikoka segitu zuten. Burezurra eta belarriko barne hezur bat hautsi zizkioten. Larrialdi zerbitzuek Soriako ospitalera eraman zuten eria, baina, han baliabide nahikorik ez zegoenez, Burgosko ospitalera lekualdatu zuten.

Bizilagunek salatu dute erasoa ez zela bat-batean gertatu, «aurretik koordinatua eta antolatua» izan zela, eta horren ostean autobusez alde egin zutela erasotzaileek. Horrez gain, Espainiako Poliziaren jokabidea txarretsi dute: «Zabarkeriaz eta utzikeriaz jokatu zuten: segurtasun indarrek ez al zuten faxisten bigantxa ikuskizunaren berri? Ez al zekiten talde faxista antolatuak haraino joatekoak zirela? Informazio hori ez bazuten, sinesgaitza iruditzen zaigun arren, agerikoa litzateke utzikeriaz jokatu zutela; horren jakitun baziren, ordea, Polizia operazioaren arduradunak konplizeak izanen lirateke».

Espainiako Poliziarena ez ezik, hedabideen rola ere kritikatu dute Antiguako bizilagunek: «Lotsagarria da gertatutakoa borrokaldi baten gisara aurkeztu nahi izatea. Ez zen borroka izan, eraso faxista antolatua baizik». Elkarretaratzearen antolatzaileek gogoratu dute, gainera, eraso faxisten harira «hedabideen jokabidea berbera» dela. Adibidetzat jo dituzte eskuin muturreko taldeek hildako Carlos Palominoren eta Guillem Agulloren kasuak, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.