Borroka ideologikoa geroz eta nabarmenagoa da Ipar Euskal Herriko herri eta karriketan. Tokika, Canon Francais enpresak heldu den larunbatean Miarritzen (Lapurdi) antolatzekoa duen «bankete faxistaren» kontrako tindaketak ageri dira, bai eta ere haren aldekoak, berrikiago: larunbatetik iganderako gauean, Frantzia goraipatzen eta Canon Francaisa defendatzen duten idazkiak agertu ziren Irisarrin eta Ortzaizen (Nafarroa Beherea). Horien salatzeko, elkarretaratzea eginen dute gaur, Ortzaizeko frontoin zaharrean, 19:00etan.
Ikusi gehiago
«Gora Frantzia, gora Canon Francais». Horrela dio Ortzaizen agertutako pintaketak. Irisarrikoak berdin, erranaldi bat gehiturik: «Independenteei ez!». Frantsesez idatzitako mezuari plurala falta zaio, independente izenean zehazki. Gainera, erabilitako terminologiagatik, ez da argi geratzen nor diren independente horiek, ez badira independentistak. Tindaketek Frantzia goraipatzen duten heinean, suposa daitekeena da abertzaleen kontrako kritika egiten duela mezuak.
Dena dela ere, herritarrak fite antolatu dira agertutako pintaden salatzeko. Sarri Ortzaizen egitekoa duten elkarretaratzera deitzeko, honako mezua zabaldu dute sareetan: «Pintaketa itsusien aitzinean bil gaitezen, hortzak erakutsi gure herriaren defendatzeko ergelkeriaren eta faxismoaren kontra. Hau ez da Frantzia. Canon Francais pikutara. Ez dira pasako».
Larunbateko deialdiak
Euskal Herria antifaxista dela aldarrikatuko dute heldu den asteburuan Miarritzen, Canon Français enpresak antolatutako «banketearen» kontrako mobilizazioetan. Oturuntza oztopatzeko bi hitzordu nagusi ezarri dituzte azaroaren 28rako: 09:00etan sare antifaxista autonomoak, eta 11:00etan, Herri Harresiaren dinamikak; biak Miarritzeko Irati gelan.
Oturuntza ez baita «Frantziako kultura eta ohiturak» ospatzeko oturuntza soila: Pierre-Edouard Sterin eskuin muturreko diruduna da enpresaren hiru finantzatzaile nagusietariko bat, akzioen %30 baititu. Beste bi akziodun nagusiak enpresaren sortzaileak dira, Pierre-Alexandre de Boisse eta Geraud du Fayet de la Tour.
Ez da kasualitatea Sterin eskuin muturreko miliardunak enpresa hori diruztatzea, ideiak argi baititu, eta horiek gauzatzeko planak eginak. Apirilean egitekoak diren Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeetan RN Batasun Nazionalak irabaztea du xede, eta horretarako plan bat osatua du, Perikles izenekoa, zeinaren bidez eskuin muturreko ideiak zabaltzeko finantzaketa eta komunikazio operazioak plantan ezartzen dituen. Canon Français diruztatzea, beraz, helburu horren barne da.