Zapalduak izateaz leporaino aseak lelopean bilduko dira Azkainen (Lapurdi), ostiralean, Eme8 kolektibo feministak deiturik. 19:00etan emana dute hitzordua, herriko plazan, azken bi aste hauetan kolektiboari iritsi zaizkion bi sexu indarkeriako kasuak salatzeko. Kolektiboak jakinarazi duenez, salaketa bat pausatu du bi aferetako baten biktimak; erasoaren lekukoek gertakariaz ohartarazi dute jendarmerian. Sexu indarkerien «maiztasunaz» ohartarazteko asmoa du kolektiboak, eta mobilizatzeko beharra nabarmendu du.
Hain justu, ez da lehen aldia Eme8 kolektiboak halako afera bati segipena ematen diona, joan den martxoaren 25ean herrian gertatutako sexu indarkeriako kasu baten berri eman baitzuten garaian. Joan den astean iritsi zen justizia deliberoa, urriaren lehenean: erasotzailea lau hilabeteko kartzela zigorrera kondenatu du Baionako auzitegiak, eta eskumuturreko elektrikoa eraman beharko du. Kolektiboak begi onez ikusi du erabakia, «nolabaiteko garapena» izan dela erakusten duelakoan.

