ETAren jardun armatuaren amaiera. Erreakzioak

Elkarrizketen garaia dela dio Gipuzkoako Aldundiak

Konponbiderako, alderdi guztiek akordioa egin eta herritarrei galdetu beharko zaiela esan du, adierazpen batean

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Hamarkada luzeetako borroka armatuaren aroa amaitu» eta «herri gisa garai historiko berria» abiatzen ari dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazpen instituzional bat plazaratu du. Aldundiak esan du «behin betikoa eta integrala» izango den konponbiderako «ibilbide orria» zehaztuta garai berri honetan, Donostiako Aiete jauregian egindako nazioarteko konferentziak zehaztu zuela hori. Hortaz, «konfrontazio armatua behin betiko amaituta», uste du garaia dela gatazkak eragindako ondorioei buruzko elkarrizketari ekiteko.

Gatazkaren ondorio askok bere hartan jarraitzen dutela ohartarazi du Bilduk zuzentzen duen aldundiak, eta horiei berehala eutsi behar zaiela. Baita normalizazioari, berradiskidetzeari eta eskubide guztien errespetuari ere. Ondorio horiek gainditzeko, Gernikako Akordioa betetzeko proposatu du.

Alde horretatik, dei zuzena egin die Espainiako eta Frantziako gobernuei: egoera baliatu eta elkarrizketei heltzeko eskatu die, «inoiz egon ez den aukera historikoa denbora galdu gabe baliatu dezatela».

Bestetik, behin betiko konponbidea eskuratzeko, gatazka politikoa desagerrarazi behar dela ohartarazi du, eta hori ez dakarrela ETAren erabakiak. Aldundiaren esanetan, Euskal Herriak etorkizuna modu librean erabaki ahal izateak soilik bermatuko du betiko irtenbidea.

Beraz, bide horri eusteko eskatu du. Euskal herritarrek hainbat nazio identitate edo sentsibilitate izanik, konponbidean guztiek parte hartu beharko dutela ohartarazi du. Hortaz, bazterketarik gabeko elkarrizketarako deia egin du.

Gipuzkoako Aldundiaren hitzetan, alderdi guztiek oinarrizko akordioa egin, eta horri buruz galdetu beharko zaie herritarrei. Bide horretan «arduraz» jokatzeko eskatu die alderdiei eta instituzioei. Herritarrak prozesua bultzatzera deitu ditu.

Enpresariak, baikor

Confebask enpresarien konfederazioa baikor dago ETAren iragarpenaren ondoren. Zuzendaritzak kaleratutako adierazpenean dioenez, ETAren ekinbidea amaitzeak bultzada emango dio euskal ekonomiari, eta bakea izango da etorkizunerako «inbertsiorik onena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.