Cadizko CIEs No koordinakundeko bozeramailea

Anabel Quiros: «Elkartasuna zigortuta dago: duela urte batzuk, isunak ipintzen zituzten etorkinen bat laguntzeagatik»

Algecirasen antolatu dute aurten Mugak Zabalduz karabana. Besteak beste, hango atzerritarrentzako zentro itxia gaitzetsi dute, «migrazioa kriminalizatzen» duelako, Quirosen arabera.

Anabel Quiros Algecirasko CIEs NO taldeko aktibista. ANABEL QUIROSEK UTZITAKOA
Anabel Quiros Algecirasko CIEs NO taldeko aktibista. ANABEL QUIROSEK UTZITAKOA
2026ko abuztuaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Anabel Quirosek (Algeciras, Espainia, 1976) eskualdean duten CIEaren aurka eta atzerritarren eskubideak bermatzeko lanean dihardu. Atzerritarrentzako zentro itxiek askatasuna mugatzen dutela iritzita, Mugak Zabalduz karabanaren antolaketan parte hartu du aurten.

Ikusi gehiago

Karabanaren hamargarren aldia egin duzue. Zer dela-eta Algecirasen?

Antolatzaileek eskualdeko eragileokin kontaktuan jarri ziren, mugaldea delako eta CIE atzerritarrentzako zentro itxia dagoelako. Urteurrena Andaluzian egin nahi zuten, eta Algecirasen egin dugu, zehazki, probintziako CIE bakarra hemen dugulako. Duela urtebete eraiki zen, eta nolabait ikusgaitasuna eman nahi izan diogu CIEaren aurkako protestari. [Espainiako] Barne Ministroak «makro-CIE» bezala saldu zuen, hotel bat izango balitz bezala, hobekuntzak ekarriko zituena, lanpostuak sortuko zituena... Ordutik aurrera elkartzen hasi ginen migrazioari eta giza eskubideei lotutako aktibistak, eragileak eta sindikatuak, eta protestarako plataforma hau sortu genuen: CIEs No.

Nola hartu duzue parte?

Gu haien esanetara egon gara behar zutenerako; logistika kontuetarako, batez ere. Kudeaketan laguntzen ibili ginen, zenbait bilera egin genituen eta espazioaren berri eman genien —adibidez, jarduerak egiteko tokiak gomendatu genizkien—. Era berean, aisiari lotuta, kontaktuekin ere lagundu genien. Haiek mahai ingurura gonbidatu gintuzten, CIEez eta Gibraltarko migrazioaren errealitateaz mintzatzeko.

Nolakoa izan da esperientzia?

Esperientzia positiboa izan da. Opari bat da niretzat; energia izugarria ematen du, eta beste mundu bat posible den esperantza pizten. Mugan bizitzean, asko borrokatu behar da desberdina den horrekiko gorrotoaren eta beldurraren kontra. Gainera, oso polarizatua dago dena orain, munduko egoera ikusi besterik ez dago. Beraz, pozgarria da mugimendu hau etortzea, kontuan hartuta hemen lagun gutxi mugitzen garela; eta jende asko ikustea jardueretan, esperientziak partekatzeko eta ikasteko gogoz, besteen eskuetan egoteko prest mugetan giza eskubideak eta bizitzarako eskubidea errespeta daitezen...

Zer gertatzen da Algecirasen?

Bisarik ez daukan jende askok zenbait bide erabiltzen ditu Europara iristeko: txalupak, kamioiak... Eta horrela iristen dira Algecirasera. Azken urteetan ez da ari jende gehiago iristen kostara, migrazio ibilbideak aldatu egiten direlako. Antolakundeok bagabiltza lanean, elkarbizitza eta aniztasuna lantzen, berton bizi diren etorkinak dauzkagulako, asko marokoarrak. Egungo migrazio politikari dagokionez, indarkeria instituzionala eta estigmatizatzailea dago: CIEa. Kriminalizatu egiten du migrazioa, eta askatasuna mugatzen die pertsonei. Herrialdera modu irregularrean sartzea falta administratiboa da, eta halako lege urraketak isunekin zigortu ohi dira, ez askatasuna mugatuz. Zera salatzen dugu, jaioterriak baldintzatzen duela bidaiatu ahal izatea edo ezin izatea. Giza eskubideak eta bizitzarako eskubidea aldarrikatzen ditugu. Hori diogu guk: migratzea eskubidea da. Migrazioak gizatasunaren parte dira, beti gertatu izan dira alde batetik besterako giza mugimenduak. Eta ibilbideak ez dira itxitzat eman behar: gaur itxi egiten dira eta urte batzuk barru itzuli egingo dira.

«Guk zera eskatzen dugu, europarren tren eta hegazkin istripuak daudenean bezala jokatzea migrazioarekin: psikologoak, langile sozialak eta abar egotea familiak artatzeko»

Zer eskatzen duzue, zehazki?

Mugen kudeaketa salatzen dugu. Eta harrerarako bitartekorik gabe jarraitzen dugu; kiroldegi publikoak, moduluak eta abar gaitu behar izan dituzte jendeak lo egin dezan. Ez dago ezta baliabide psikologikorik ere —jendeak familia galtzen duenean itsasoan, dolua pasatzeko—. Guk zera eskatzen dugu, europarren tren eta hegazkin istripuak daudenean bezala jokatzea: psikologoak, langile sozialak eta abar egotea familiak artatzeko.

Bestalde, sare informal bat sortu dugu Maroko iparraldeko zenbait eragilerekin, migratzaileen eskubideak bermatzeko. Gutxinaka-gutxinaka lortu dugu [Espainiako] Guardia Zibileko Polizia Judizialarekin. Baina guztia informala da, eta administrazioek ez diote horri erantzunik ematen. Gu eskatzen gabiltza koordinazioa egon dadila administrazioen eta enbaxaden artean, familiei bisak errazteko gorpuak identifikatzera datozenean. Familiak lagundu izan ditut, baina Europan bizi direlako. Ezin dira etorri euren jatorrizko herrialdeetan daudenak.

Zer uste duzu Ceutan gertatutakoaz?

Ceutaz esan dena izugarria da. Diskurtsoetan lan asko egin behar da. Diskurtsoak ezin ditugu egin gu bezala pentsatzen dutenentzat, konbentzituta ez dagoen jendearentzat baino, informazio osoa ez duen jendearentzat: etorkinek osasungintza publikoa eta lana kentzen digutela da oraingo diskurtsoa. Beraz, lengoaia aldatu beharra dago. Hori lantzen ari gara plataforman. Nik ez dut karabanako inor konbentzitu behar.

Zenbateraino daude inplikatuta instituzioak?

Elkartasuna zigortuta dago, eta hori agerian geratu da hainbat eragileri gertatutakoa ikusita. Duela urte batzuk, isunak ipintzen zituzten Algecirasen etorkinen bat laguntzeagatik —kotxean eraman, jatekoa eman—. Hori salatu egin behar da. Isun horiek kentzea lortu genuen. Duela hogei urte, osasun arta borondatezkoa zen, Algeciras Acogen egiten genuen, eta profesional batzuek ezkutuan ziharduten ospitaleetan. Osasungintza kontseiluak eragileekin akordioa sinatu zuen, osasun arta bermatzeko egoera administratibo irregularrean daudenei. Salaketa eta elkartasuna izan behar dira ardatz beti. Badago laguntzeko prest dagoen jendea oinarrizko beharrizanak daudenean —arropa emateko eta abar—, baina, gero, salatzeko ez dago hainbeste. Guk ukazioa sentitzen dugu instituzioen partetik, gehiago Algecirasen, Ceutan eta inguruetan, mugaldeko eremuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA