«Sentitzen genuen inork ez zuela ezer egiten». Siriako gerratik ihesi Europara iristen ziren milaka errefuxiaturen irudiek herritar askoren kontzientziak astindu zituzten, eta ezinegon horretatik sortu zen Mugak Zabalduz egitasmoa. 2016an abiatu zen lehen karabana, Greziarantz; ordutik, hamar urte daramatzate migrazio bideetan barrena, eta elkartasun sareak mugak zeharkatzen jarraitzen du, migratzaileen eskubideen aldeko borrokari bizirik eusteko asmoarekin.
Ikusi gehiago
Euskal Herrian sortutako proiektuari Espainiako hainbat lekutako kolektiboak eta herritarrak batu zitzaizkion, eta 300 pertsona inguru atera ziren Greziara heltzeko helburuarekin. «Lehen urteko karabana inprobisatua izan zen berez», gogoratu du Yolanda Reclusa Mugak Zabalduz karabanako nazioarteko batzordeko kideak. Izan ere, ez zuten toki jakinetan gelditzeko asmorik; hala ere, zenbait lurraldetan geldialdiak egin zituzten, eta bertako komunitateek harrera egin zieten. «Karabana baten alde garrantzitsuenetako bat da muga horietan laguntza ematen duten pertsonekin harremanetan jartzea», azaldu du Reclusak.

Izan ere, joaten diren lekuetako eragileak motibatzen dituzte borrokan jarrai dezaten. Mugetako zenbait lekutan lan egiten duten kolektibo txiki horiek baliabiderik gabe eta hedabideen onespen urriarekin lan egiten dute. Baina Reclusak azaldu du karabanak lagundu egiten diela: «Gure helburuetako bat da toki horietan jarduten duten kolektiboekin harremanetan jartzea. Haiek harrera egiten digute, eta guk indarra eta ikusgaitasuna ematen diegu; joaten garenean, ahaldunduta eta indartsu uzten ditugu, baldintza hobeetan lanean jarrai dezaten».
«Ibilbideak esanahi bat izan dezan nahi izaten dugu»
AINTZANE CAMARA Mugak Zabalduz karabanako kidea
Zer lor zitekeen ikusita, lehen karabanak aurrera egiteko gogoa piztu zuen: «Hain arrakastatsua izan zen, indarra eman zuen borrokari bizirik eusteko», kontatu du Reclusak. Hortik aurrera, erakundeetako ordezkariak urtero biltzen dira hurrengo bidaiaren helmuga finkatzeko. Migratzaileen eskubideen urraketak agerikoak diren mugak eta guneak lehenesten dituzte. «Ibilbideak esanahi bat izan dezan nahi izaten dugu, jendeak ikusteko zer gertatzen ari den», azaldu du Aintzane Camara karabanaren talde eragilearen koordinatzaileak. Horregatik joan dira, besteak beste, Ceutara, Melillara (Espainia), Bosniara eta Alpeetara.
Lekua hautatzeko orduan, tokian tokiko egoera aztertzen dute, ziurtatzeko egongo dela harrera egingo dioten eragilerik, udalik... Hamar eguneko bidaiak izaten dira eta. «Gaitasuna izan behar dute 300 pertsona hartzeko, ez baita erraza», esplikatu du Reclusak. Camararen arabera, aurten zenbait ezusteko izan dituzte plangintzarekin, eta, ondorioz, karabanak gutxiago iraun du: «Arazoak egon dira logistikarekin; izan ere, zaila da hainbeste jende sartzeko lekuak aurkitzea». Hala ere, horrelako arazoek aukera ematen diete urtez urte hobetzen jarraitzeko, Camarak nabarmendu duenez. «Karabana antolatzen hasteko bilerak urtearen hasieran egiten dira, baina aurten udazkenera aurreratzea erabaki dugu».

Helmuga hautatuta, egonaldi horietan zer ekintza egingo diren zehazten dute. Protestak leku sinbolikoetan egiten dituzte: «Afrikako kostaldetik Kanarietara datozen ontziak heltzen diren tokietan egon gara, atzerritarrentzako zentro itxien aurrean mobilizazioak egin ditugu, eta hesietarako labanak ekoizten dituzten enpresen aurrean protesta egin genuen behin», zerrendatu du Camarak. Baina, ekintza horiez gain, formakuntzarako tartea ere badago. «Adituen mahai inguruak eta solasaldiak izaten ditugu, garrantzi handia ematen diogu-eta gaien inguruan gehiago ikasteari», nabarmendu du Camarak.
'Karabanista' izatea
Reclusaren hitzetan, joaten direnek aukera dute informazio «hoberena» jasotzeko eta esperientzia zehatzak gertutik ezagutzeko, gehiago sentsibilizatuz. Gainera, hamar eguneko bizikidetzaren ondorioz, harreman afektibo bat sortzen da kideen artean. Urtero kide berriak batzen diren arren, bada aurreko urteetako parte hartzaileekin berriro topo egiteko aukera ere: «Berriz elkartzea oso polita da: beste leku askotatik etortzen diren lagunak berriro ikusten ditugu», gaineratu du Camarak. Reclusaren esanetan, karabanista izatea «lorpen bat da», eta ekarpena egiten dio giza eskubideen aldeko borrokari.
Karabanisten lana, ordea, ez da hamar egun horietara mugatzen. Mugimendu feminista, antimilitarista eta antirrazistatzat jotzen dute proiektua, eta urte osoan defendatzen dituzte migratzaileen eskubideak. Besteak beste, migratzaileei harrera eta orientazioa eskaintzen dizkiete Bilbon, erroldatze eta administrazio tramiteetan lagunduz. Horrek aukera ematen die haien egoera gertutik ezagutzeko eta karabanan beste leku batzuetako elkarteekin ikasitakoa partekatzeko. «Beste kolektibo batzuekin esperientziak trukatzen ditugu: haiek zer egiten duten jakiteak gure lana eta jakintza aberasten ditu», nabarmendu du Camarak.
«Guk eta Carovane Migrantik eskatzen dugu hildakoak ez daitezela izan zenbaki lurperatuak»
YOLANDA RECLUSA Mugak Zabalduz karabanako kidea
Horrela lortu zuten, hain zuzen, beren lorpen «nabarmenetako» bat: Carovane Migranti Italiako mugimenduarekin bat egitea. Izan ere, haiei esker, hobeto ezagutu dute desagertutako migratzaileen identifikazioaren aldeko borroka, baita Mexikoko ama kolektibo bat ere, Estatu Batuetara pasatzen diren pertsonen erregistroa lortzeko ahaleginetan dabilena. Mugak Zabalduz-ek ere gauza bera nahi du Afrikatik Espainiara doazenentzat: «Guk eta Carovane Migrantik eskatzen dugu hildakoak ez daitezela izan zenbaki lurperatuak», adierazi du Reclusak.
Reclusaren ustez, Euskal Herria «indar aktibo» bat da: «Hamar urte hauetan, dinamikari bizirik eutsi dion indarra izan da». Hala ere, beste elkarteekin lortutako konexioa nabarmendu du: «Gure komunitatea txikia da, baina, besteekin batera, Mediterraneo osoan hedatzen den sare bat lortu dugu».