Elkartasunak Eraiki sareak Maurizia proiektuaren eredua goraipatu du

Etxegarairekin bilkura egin dute Mauriziako kideek. Uztailaren 6an aztertuko dute kanporatze prozedura gelditzeko helegitea

Lehengo astean ere jo zuten Etxegarairengana Mauriziakoek. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko ekainaren 01a
00:00
Entzun
Hirigintzaren alorreko trantsizioari buruzko «azterketa eta gogoeta serios» bat abiatzeko eskatu du Elkartasunak Eraiki sareak. «Baliagarria, egokia eta etikoa izan daitekeen aukera berri bat sor dezake, aldi baterako erabilgarri diren lurren erabilpena optimizatzeko, gizarte bokazioa duten lurraldeko proiektuen zerbitzuko», adierazi du agiri batean. Alde horretatik, Baionako Santa Ursula karrikako 16. zenbakian eraikin bat okupatu duten Maurizia proiektuko gazteen eredua goraipatu dute, eta adierazi dute tokiko instituzioen eta elkarteen eskura egon daitekeen «alternatiba interesgarri bat» bilaka daitekeela.

Maurizia proiektuari egindako aitortza horrek ez du garrantzi txikia, Ipar Euskal Herrian gizarte elkartasunaren arloan ari diren egitura nagusiek osatzen baitute Elkartasunak Eraiki sarea. Kide dira, besteak beste, Atherbea, Alda, Gurutze Gorria, Abbe Pierre fundazioa, Langile Gazteen Etxea eta Sokorri Katolikoa. Instituzio publikoekin elkarlanean aritu ohi dira elkarte gehienak.

Herenegun, Maurizia proiektuko kideekin bildu ziren, eta haien iritzia «baieztatu» zuen: «Etxebizitzaren krisiari erantzuteko eta Ipar Euskal Herrian dimentsio soziokulturala sustatzeko modelo serios berri bat irekitzen du». Azpimarratu dute okupatzaile gazteek borondatea dutela haien presentzia «baimentzeko», eta urrats hori ezinbestekoa dela espazio hori biziarazteko. Horretarako izan daitezkeen tresna juridikoak ere aipatu dituzte agirian. «Espero dugu aterabide baikor bat aurkituko dela Maurizia proiektuarentzat. Adi egonen gara bilakaerari buruz».

Etxegarairen esku

Baionako Auzitegiak kanporatzeko agindua emana du, baina gazteak entzun gabe hartu zuen erabakia. Defentsarako eskubidea aldarrikatuta jarri duten helegitea uztailaren 6an aztertuko dute. Anartean, edonoiz kanpora ditzakete.

Atzo goizean, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariarekin bildu ziren gazteak proiektua aurkezteko. Bi eskaera egin zizkioten: EPFL egiturak helegitea aurkeztu bitartean kanporatze prozedura etetea, eta alokairu kontratu baten bidez haien egoera baimentzea. Bilkuraren ondotik, Claude Olive EPFLko presidentearekin bazkaltzekoa zen Etxegarai. Gazteek argi zuten atzo arratsaldean: «Gelditzekotan, berak gelditu dezake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.