Zarata elkartasun bihurtuta. «Injustiziaren aurka eta oinarrizko eskubideen alde» erantzun bat, zarata biziz emana. Gure Eskuk Gorenaren sententziaren berri jakin bezain pronto egindako deialdiarekin bat eginez, milaka lagun bildu dira gaur iluntzean Euskal Herriko hiri eta herrietako plazetan. Eta lehen erantzuna baino ez da. Heldu den larunbaterako manifestaziora deitu baitute Donostian, «larrialdi demokratikoari» Euskal Herrian ere «erantzun bateratu bat» emateko premiaz ohartuta.
Gure Eskuk aurreko egunetan iragarri zuen kalean erantzungo ziela zigorrei, eta sare sozialetan presazko mezu bat zabaldu du iluntzean herriz herri protesta zaratatsuak egitera deituz, eta epaia lehen unetik modu honetara baloratuz: «Demokraziaren aurkako eraso larria». Eta epaia ez ezik, prozesu judiziala bera ere ez dela «justua» izan salatu du Gure Eskuk: «Arbitrariotasunez betetakoa izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira».
Onartu dute, hori bai, epaiak ez dituela ezustean harrapatu: «Hilabete luzeetan aurreikusi duguna berretsi du Espainiako Estatuak: larrialdi demokratiko batean gaude». Haien esanetan, mugimendu subiranista «kriminalizatzeko» ildoa hartu du estatuak, delitu larriak leporatuta. «Zigor epai honek ate handi bat zabaldu du eskubide zibil, politiko eta kolektiboak kriminalizatzeko: manifestazio eskubidea, adierazpen askatasuna, protestarako eskubidea, bozkatzeko eskubidea edota autodeterminazio eskubidea. Kriminalizazio hau erabat onartezina da. Oinarrizko eskubideak erabiltzea ezin da delitua izan demokrazian. Alderantziz, botere publikoen ardura da haien erabilera bermatzea».
Etorkizuna erreferendum bidez erabakitzearen aldeko herri ekimena lantzen ari direla, eta hori lortzeko bidean ez dutela atzera egingo adierazi dute Gure Eskukoek: «Ez izan zalantzarik, bidea irekiko diogu erabakitzeko eskubideari, gure estatus politikoa libre eta demokratikoki erabakitzeko».
Sindikatuen deia
Sententzia salatu eta elkartasuna adierazteko izan dira deialdi gehiago ere. ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta HIRU sindikatuek jakinarazi dute euskal langileria ostiralean lantokietan mobilizatzera deituko dutela, eta Gure Eskuk deitutako mobilizazioekin bat egiten dutela. Horren berri eman eta «demokraziaren eta askatasunaren aurkako epaiaren balorazioa egiteko», agerraldia egingo dute asteazkenean Bilbon.