Negua hasteko hilabete falta den honetan, Euskal Herriko barnealdea zurituta esnatu da. Elurteak zenbait arazo eragin ditu Hegoaldeko errepideetan, batez ere Nafarroan eta Araban. Errepide sare nagusiari dagokionez, A-15 autobidea itxita egon da bi orduz Irurtzunen (Nafarroa) eta Andoainen (Gipuzkoa), baina zabalik da berriro. 09:20an, Foruzaingoak A-10 autobiako zirkulazioa eten du Uharte Arakil parean, kamioi batek istripua izan baitu. Gidariak ibilgailuaren kontrola galdu du, eta kamioia bidean gurutzatuta geratu da.
Elurteak eragindako arazorik handienak, baina, bigarren mailako sarean izan dira. Trafikoa itxita dago Gatzaga, Herrera, Altube, Bernedo, Opakua, Belagua eta Zaldiaran mendateetan, baita Azazetan ere, baina kamioientzat soilik. Aralarko NA-7510 errepidea ere itxita dago. Arantzazu, Bidania, Elosua, Lizarrusti, Urkiaga, Artesiaga, Otzaurte eta Urduña mendateetatik igarotzeko, berriz, kateak beharrezkoak dira, eta baita Otsagabian eta Zaraitzun ere. Arlaban, Etzegarateko eta Aiurdingo mendateetan bada ibiltzerik, baina arreta handiz gidatzeko aholkatu du Segurtasun Sailak, izotza eta elurra baitaude errepidean.
Hiriburuei dagokionez, Gasteiz eta Iruñea zurituta daude, baina elurrak ez du aparteko arazorik eragin. Iruñerriko bideetan, halere, trafikoa mantso dabil. Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuak elurra kentzeko 89 ibilgailu prestatu ditu denboraleari aurre egiteko.
Abisu horia, bihar arte
Giro hotza izango da egun osoan, eta elurragatik jarritako abisu horia bihar goizera arte egonen da indarrean. Hala ere, prezipitazio gutxiago espero dira datozen orduetan, eta metatutako elur geruza orain artekoa baino dezente finagoa izanen da, Euskalmeten arabera. Elur maila 500 metroan dago orain, eta litekeena da 400 metrora jaistea han-hemenka, Gipuzkoako zenbait tokitan. Arratsaldean, ordea, gora eginen du, eta 700-800 metroren bueltan izanen da iluntzerako. Larunbat arratsalderako, litekeena da elur maila 1.500 metro ingururaino igotzea.
Ikusi gehiago