EAJk irabazi ditu bozak, EH Bildurekin jarlekuetan berdinduta

Gipuzkoan, 1.360 botora dago EH Bildu beste eserleku bat lortzeko helburutik, eta oso zaila da atzerriko botoek haustea EAJren eta EH Bilduren arteko berdinketa. 27 eserleku dituzte biek ala biek; PSE-EEk, 12; PPk, 7; eta Sumarrek eta Voxek bana.

EH Bilduren hautagai Pello Otxandiano eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia. MIGUEL TOÑA / EFE
EH Bilduren hautagai Pello Otxandiano eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia. MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2024ko apirilaren 21a
20:05
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen boto zenbaketa amaitu da, zenbaketa %100era iritsita. EH Bilduk eta EAJk 27na eserleku lortu dituzte; PSE-EEk, 12; PPk, 7; Voxek 1 eta Sumarrek 1. Elkarrekin Podemos Eusko Legebiltzarretik kanpo geratu da. Jeltzaleek eta sozialistek gehiengo absolutua izango dute gobernua osatzeko, 39 eserleku baitituzte bi indarren artean. Araban eta Gipuzkoan EH Bilduk irabazi du eta, Bizkaian, EAJk. Bi eserleku atera dizkio koalizio subiranistak EAJri Gipuzkoan eta, Araban, bat. Jeltzaleek, ordea, hiru eserleku atera dizkiote EH Bilduri Bizkaian. Atzerriko botoak eserlekuren bat aldatuko balu ere, ez dago arriskuan EAJ eta PSEren arteko gehiengo osoa.

Atzerriko botoa zenbatu aurretik, 1.360 botoko aldea dago Gipuzkoan azken eserlekuarekin, eta EH Bilduren mesedetan galduko luke PSE-EEk boto horien aldea galduko balu, zenbaketaren azken hondarrean; oso zaila ematen du, ordea. Orain lau urte, 259 botoko aldea atera zion koalizioak PSEri atzerriko botoen atalean, eta, 2016an, berriz, 347 botokoa. Atzerrian bizi diren 8.219 lagunek eman dute botoa aurten. 83.000 inguru ziren eskubidea zutenak, eta horien %10ek bozkatu dute; 2020ko bozetan, atzerriko parte hartzea %3,5ekoa izan zen. Ostiralean zenbatuko dute atzerriko botoa, baina, edonola ere, 39ko eserlekurena izango da kasik seguru EAJren eta PSEren arteko gehiengo osoa.

Parte hartzeak gora egin du: hautesleen %62,52k eman dute botoa, duela lau urte %50ekoa izan zen.

EAJko EBBko presidente Andoni Ortuzarrek aldarrikatu du jeltzaleek irabazi dituztela hauteskundeak. 370.554 boto atera ditu haren alderdiak, eta hurrengo indarra EH Bildu da, 341.735 botorekin. «Euskadik herri anitza eta askotarikoa izaten jarraitzen du», esan du Ortuzarrek. Pradales ere ildo beretik aritu da euforia ukitu batekin; «demokraziak irabazi» duela esan du, eta «gobernu osaketaz» aritu da, «gizarte osoaren interesen alde» ariko dela agindu baitu. EAJk lau eserleku galdu ditu 2020ko bozen emaitzekin alderatuta, baina Jaurlaritza haren esku dago atzera PSE-EEren babesari esker. Sozialistek bi eserleku gehiago atera dituzte, 12 lortuta, eta Eneko Andueza hautagaia «emaitza apartaz» aritu da, eurforiari eutsi ezinda: «Ederrra egin dugu».

Mapa politikoa aldatu da

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik, berriz, koalizio subiranistak «sekulakoa» egin duela esan du, eta «kontaketa nazio mailan» egiten dutela erantsi. Ohartarazi du, gainera, Gipuzkoan dantzan dagoela eserleku bat, eta, agian, EH Bilduren alde izan daitekeela, azkenerako. Araban eta Gipuzkoan EH Bildu gailendu dela gogorarazi du, «eta Gasteizen ere bai».

Pello Otxandianok, berriz, koalizioaren «hazkunde itzelari» erreparatu dio, eta «mapa politikoa aldatu» egin dela azaldu du; orain lau urte, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako «indar nagusiak hamar eserlekuren aldea» ateratzen zion EH Bilduri; «orain zeroko aldea dauka», gaineratu du. Ezker subiranistak «historiako emaitzarik onenak» atera dituela ziurtatu du, eta «herri mandatu bat» dagoela «jauzi bat egiteko herri politiketan».

PPko lehendakarigai Javier de Andresek ere argi azpimarratu du PPk izan duen hazkunde handia, batez ere Araban, eta Sumarreko hautagai Alba Garciak nabarmendu du lehen aldiz aurkeztu dela koalizio hori eta Legebiltzarrean sartzea lortu dutela. Ez da Garcia izango ordezkari hori, Araban lortu baitu helburua, Jon Hernandez zerrendaburuaren lurraldean. Elkarrekin Podemos, berriz, kanpoan geratu da, eta 7 eserlekutik zerora igaro da. Miren Gorrotxategi ez da izango Gasteizko ganberan, beraz. Voxeko buru Santiago Abascalek ere hitz egin du, eta izenburu argi bat utzi du: «ETAk irabazi ditu hauteskundeak».

Parte hartzea %62,5ekoa izan da, azken hauteskundeetan baino altuagoa; orduan pandemiaren gordinean izan ziren, eta %50 ingurukoa izan zen parte hartzea, eta 2016an %60koa. Hautesleen %51k eman dute botoa 18:00etarako.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek Eusko Legebiltzarra osatuko duten 75 legebiltzarkideak aukeratu dituzte, eta ia 1,8 milioi herritar egon dira botoa ematera deituta. Guztira, 729 bozkaleku eta 2.695 mahai egon dira zabalik 09:00etatik 20:00etara. Ezustekorik gabe osatu dituzte mahaiak, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.