Hilketari buruzko informazio gutxi eman du Poliziak. Hedabide batzuen arabera, etxeko langileak atea itxirik aurkitu zuen, eta auzokoak eta suhiltzaileak abisatu zituen. Larrialdi zerbitzuek aurkitu zituzten bi gorpuak. Auzitegietako mediku batek aztertu beharrak zituen atzo arratsaldean.
Baionako prokuradorearen erranetan, «arazorik gabeko» bikote bat zen hilda aurkitu dutena, eta gaineratu du emaztea «gaixorik» zegoela. Hedabide batzuen arabera, ehizarako eskopeta batekin hil zuten —joan den astean ere hala hil zuten Mayie Nervi urruñarra, 81 urtekoa—.

Aurtengo bigarrena
Urruñakoaren ondotik, indarkeria matxistagatik aurten hildako bigarren emaztea da Chantal Joantegi. Azken urteetako kopuru apalena da aurtengoa, oraingoz —iaz, bederatzi emakume hil zituzten—. 2003tik hildakoak ehun andre dira, Berriak hilketa matxistei buruz bildutako informazioaren arabera —11 ume ere hil dituzte—.
Indarkeria matxistari buruzko azterketa horrek agerian jarri zuen proportzioan Lapurdin gertatzen dela hilketa gehien: han hil dute bost emakumetik bat, nahiz eta Euskal Herriko biztanleen %8 bizi diren. Beste datu ezohiko bat ere bada Lapurdin: hilketa matxistak egin dituzten gizonen herenak saiatu dira beren buruaz beste egiten (32 gizon), eta horietatik herenak, Lapurdin (13). Gainerako herrialdeen gainetik dago portzentaje hori. Urruñako eta Bardozeko hilketek bi ezaugarri horiek beteko lituzkete: Lapurdin izan dira, eta gizonek beren buruaz beste egin dute. Horiek zenbatuta, Bardozekoa 2003tik Lapurdin hil duten 21. emaztea da.
Analisia: Ehungarrena