Emakume bati labanaz eraso zioten Barakaldon (Bizkaia) bart, Gurutzeta auzoan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duzuenez, genero-indarkeria delitu gisa ikertzen ari dira: Ertzaintza emakumearen mutil lagunaren bila dabil, erasoaren egilea delakoan; atzo gauetik ihes eginda dago gizona. Biktima, berriz, Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten: zauri arinak zituen lepo inguruan, eta sendagiria eman diote gauean.
Emakumeak 27 urte ditu, eta gizonezkoak 29. Barakaldoko Udalak jakinarazi duenez, gainera, ustezko erasotzaileak aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik. Udaletxeak erasoen aurkako mahaia bildu du gaur goizean, eta adierazi du mugimendu feministak dei litzakeen elkarretaratzeetara batuko dela. Hala mintzatu da Amaia del Campo alkatea: «Arbuio irmoa erakutsi nahi dugu. Emakumeen aurkako indarkeria ezin da isildu, eta horregatik da garrantzitsua salaketa, hala autoritateen aurrean nola kalean, oroitarazteko gizonen eta emakumeen arteko desberdinkeriak arazo izaten jarraitzen duela. Elkarrekin lan egin behar dugu haren aurka».