13 urteko nerabe batekin sexu harremanak izan zituen 20 urteko gizon bat absolbitu dute

Gizonak eta neskatoak garapen eta heldutasun maila «antzekoa» zutela ebatzi du Nafarroako Probintzia Auzitegiak. Gaur egun, errugabetua eta neska gaztea bikotekideak dira. Horrez gainera, Tuteran emakume batek salatu du bikotekide ohiak eraso egin diola.

Indarkeria matxistaren kontrako mobilizazio bat, Tuteran. IÑIGO URIZ / FOKU
Indarkeria matxistaren kontrako mobilizazio bat, Tuteran. IÑIGO URIZ / FOKU
June Montero
2026ko otsailaren 27a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neska adingabe bati sexu eraso jarraituak egiteaz akusatu zuten gizona errugabetzat jo du gaur Nafarroako Probintzia Auzitegiak. Neskak 13 urte zituen, eta gizonak, 20; garai hartan harreman sexu-afektibo bat hasi zuten, eta bikote dira egun ere. Tribunalak ebatzi du gizonak eta nerabeak garapen eta heldutasun «antzekoa» zutela, eta epaiketan aztertu diren argazkietan —data zehatzik gabeko irudiak— fisikoki «antzeko» adina zutela ematen duela. Horrek zazpi urteko adin ezberdintasuna «erlatibizatu» egiten duela ere erantsi du. 

Magistratuek perituen txostena baliatu dute euren erabakia justifikatzeko. Bertan zehazten denaren arabera, esaterako, neskatoaren heldutasun psikologikoa balioesten dute adituek, eta testuinguru soziala eta kulturala ere kontuan hartzekoa dela esaten dute. Euren sorterrian, Bolivian, sexu harremanak «lehenago» izaten dituztela adierazi dute sententzian. Epaiaren arabera, 13 urteko neskatoak harreman sexual horiek onetsi zituen, eta ez zen indarkeriarik eta intimidaziorik egon; era berean, argudiatu dute auzipetua ez zela bere nagusitasunaz edo biktimaren zaurgarritasunaz baliatu. 

Zigor Kodearen 2015. urteko erreformaz geroztik, 16 urte baino gutxiago duten nerabeek ez dute sexu harremanak onesteko gaitasunik. Baina legeak kontuan hartzen ditu adin txikikoaren heldutasun fisiko eta psikologikoa, baita itxura fisikoa ere. Baldintza horiek betetzen badira, ez zaio zigorrik ezartzen auzipetuari. Salbuespen hori bete du akusatuak. 

Neskatoaren amak jarri zuen gizonaren aurkako salaketa, harremanaren berri izan zuenean, 2021ean. Harremana, ordea, ez zen bukatu; auzipetua behin-behinean kartzelatu zutenean ere, harreman «estua» izaten jarraitu zuten. 

Iragan asteartean izan zen epaiketa. Fiskaltzak hamar urteko kartzela zigorra eskatu zuen auzipetuarentzat. Biktima ere egon zen epaiketan, baina adierazpenik ez egitea erabaki zuen. Izatezko bikotea direnez, emakume gazteak eskubidea du salatuaren kontra ez deklaratzeko. Gainera, ez du akusazio partikularrik egin.

Eraso matxista bat salatu dute Tuteran

Tuterako (Nafarroa) 27 urteko emakume batek salaketa jarri du bikotekide ohiaren aurka. 25 urte ditu gizonak, eta aldentze agindua du. Tuterako Udaltzaingoa atzo 19:00ak aldera joan zen emakumearen etxera, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko taldearen eta Tuterako Udaltzaingoaren genero indarkeriaren taldearen abisua jaso ostean.

Igandean gertatu zen erasoa. Kolpeek eragindako lesioak egiaztatu zituen agente batek, eta, ondorioz, gizona Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Epaitegiaren esku utzi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA