Donostian, emakume batek salaketa jarri du Ertzaintzan, bortxaketagatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, bart gauean gertatu da sexu erasoa, Ibaeta auzoan. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, gertatutakoa argitzeko eta erasoaren egilea edo egileak identifikatu eta atzemateko. Oraingoz, ez dute inor atxilotu.Â
Azken orduotan Donostian izandako sexu erasoa dela eta, Udaleko talde guztiek adierazpen instituzionala onartu dute gaitzespena adierazteko
— Donostiako Udala (@DonostiakoUdala) January 23, 2026
12:00etan gaitzespen kontzentrazio bat egingo da Alderdi Ederreko Lorategietan#donostia #sansebastian pic.twitter.com/dDeLEJQwhZ
Donostiako Udaleko talde guztiek erasoa gaitzesteko adierazpen bat onartu dute goizean, eta babesa adierazi diote biktimari. Eguerdian elkarretaratzea egin dute Alderdi Ederren. «Horrelako erasoak gure gizartean oraindik ere badagoen indarkeria matxistaren eta sexualaren adierazpena dira», erran du Bozeramaileen Batzordeak, adierazpen instituzionalean. Beharrezkotzat jo dute lanean jarraitzea, «berdintasunaren alde, eta sexu indarkeria mota guziak desagerrarazteko». Halaber, adierazi dute bat egiten dutela gertatutakoa gaitzesteko Donostian antolatuko dituzten mobilizazioekin.Â
Kartzela zigorrak
Gipuzkoako Auzitegiko 3. atalak hamalau urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, emaztea bortxatzeagatik, tratu txarrak emateagatik eta semeetako bat umiliatzeagatik, EFE agentziak zehaztu duenez. 25.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio emazte ohiari, eta bi mila eurokoa semeari.
Epaiaren arabera, 2016ko edo 2017ko egun batean, emazteak uko egin zion senarrarekin sexu harremanak izateari. Gizonak bortxatu egin zuen. 2018ko egun batean, berriz, iletik heldu eta arrastan eraman zuen logelatik egongelara, eta besaulkiaren kontra bota zuen.Â
Tratu txarrak ohikoak ziren. Senarrak bultzadak eta kolpeak ematen zizkion «modu jarraituan, sistematikoan eta iraunkorrean, bere nagusitasuna baliatuz bere borondatea inposatzeko». Lepotik heltzen zion, iletik tira egiten zion, haren mugimenduak kontrolatzen zituen eta galdetu egiten zion ea egunean zehar zer egin zuen, norekin egon zen eta nora joan zen. «Emazte ohia beldurtzeko asmoz objektuak botatzen zituen lurrera, altzariei kolpeak ematen zizkien eta iraindu egiten zuen, haren duintasuna hondatzeko», azaldu du epaiak.
Semeetako bati —%65eko desgaitasuna du—, berriz, aurpegiratzen zion ez zuela ezertarako balio, eta mehatxu egiten zion etxetik bidaliko zuela.
Zigortua aske utzi dute behin-behinean. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak espetxeratzeko eskatu dute, ihes egiteko arriskua dagoelakoan. Epaileak behin-behineko askatasunari eustea erabaki du. Ezingo du emazte ohiarengana eta semearengana hurbildu, ezta haiekin harremanetan jarri ere. Eskumuturreko telematiko bat jarri diote.
Sexu erasoa
Nafarroako Auzitegiko 2. atalak bederatzi urte eta zazpi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, emakume bati sexu eraso bat egiteagatik, kolpeak emateagatik eta iraintzeagatik. Aringarri bat aplikatu diote: mozkorra zegoela. Gizona behin-behineko espetxealdian zegoen duela hamabost hilabetetik, eta tratu txarren bi deliturengatik zigortu zuten azken epaiaren aurretik, Noticias de Navarra egunkariak jakinarazi duenez.  Â
Gizona Iruñerriko taberna bateko zerbitzaria zen. Talde batek taberna osoa hartu zuen 2024ko urriaren 12an, urtebetetze festa bat ospatzeko. Goizaldean, 03:00ak aldera, gizonak urtebetetzea ospatzen ari ziren emakumeetako bati heldu zion, eta bortxaz sukaldearen atzeko pasabide batera eraman zuen. Kolpeak eman zizkion, eta sexu eraso bat egin. Emakumeak laguntza eskatu zuen, baina festan zeudenek ez zuten entzun, zarata handia zegoelako.
Emakumeak zauriak eta lesioak zituen gorputzeko hainbat ataletan. Epaiak zehaztu du kalte psikologikoa duela eta tratamendua jasotzen duela oraindik ere.Â
Kartzelatik ateratakoan, gizonak ezingo du emakumearengana hurbildu edota harekin harremanetan jarri hogei urtean.