Herritar batek emakume baten gorpua aurkitu zuen atzo goizean Barrundiako (Araba) mendi bide batean, 10:20 aldera. Larrialdi zerbitzuetara deitu zuen, eta gorpua Auzi Medikuntzako Institutura eraman zuten, autopsia egiteko eta nor den argitzeko.
Uztailaren 29an 77 urteko emakume bat desagertu zen Hermuan (Barrundia), eta, Efe agentziaren arabera, Ertzaintzak uste du hura izan daitekeela atzo hilda aurkitutako emakumea. Uztailaren 29an paseatzera atera zen eguerdi aldera, baina 16:00etan oraindik ez zen bueltatu etxera. Familiak orduan eman zuen desagertzearen berri. Ordutik larrialdi zerbitzuak eta herritarrak hura bilatzen aritu dira Hermua inguruan, normalean emakumea ibiltzen zen inguruan.