Bakarrik bizitzea «positiboa» da emakume helduentzat, ikerketa baten arabera

Gizarteko estereotipoak apurtzera dator Emakundek aurkeztu berri duen ikerketa: adineko emakume askorentzat bakarrik bizitzea positiboa da, eta hazkunde pertsonalerako aukera, Iratxe Herrero eta Carlos Díaz de Argandoña soziologoek ondorioztatu dutenez.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Lucho Royero, Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako Saileko zinegotzia eta Iratxe Herrero eta Carlos Diaz de Argandoña ikerlariak, ikerketaren aurkezpenean, parte hartu duten hainbat emakumerekin batera. ENDIKA POR
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Lucho Royero, Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotzia eta Iratxe Herrero eta Carlos Diaz de Argandoña, ikerketaren aurkezpenean, parte hartu duten hainbat emakumerekin batera. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko otsailaren 17a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herrian gero eta emakume gehiago bizi dira bakarrik. Estatistiken arabera, bakarrik bizi direnen %32,5 andre helduak dira. Haien egoera eta bizi kalitatea aztertu ditu Emakundek bultzatutako ikerketa batek, eta ondorioek erakutsi dute bakardade hori bera aukera positiboa dela bakarrik bizi diren adineko emakume gehienentzat, haien bizi kalitatea eta autonomia hobetzeko aukera ematen baitie. Hala ere, oraindik ere ugariak dira muga sozialak eta aurreiritziak, eta bakarrik bizi diren andrazkoek gizartean zabaldutako estereotipoei egin behar diete aurre beren kasa bizitzeko orduan.

Horixe da Iratxe Herrero eta Carlos Díaz de Argandoña soziologoek egin duten ikerketaren ondorio nagusia. EAEn bakarrik bizi diren adineko emakumeak: emandako baimen soziala? izenburupean aurkeztu dute gaur ikerketa, Gasteizko Bizan Info bulegoan, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eta Gasteizko Gizarte Politiketako zinegotzi Lucho Royerok lagunduta. Publikoaren artean egon dira Gasteizko Udalak antolatzen dituen Lagun artean tailerretako parte hartzaileak. Bakardadea «modu positiboan lantzea» da tailer horien helburua, Royero zinegotziak azaldu duenez, eta horietan parte hartzen duten adineko emakumeen testigantzekin ondu dute Herrerok eta Diaz de Argandoñak ikerketa. Ondorioa argia da: gehienentzat, bakardadea ez da nahi gabekoa edo negatiboa, haien bizitzak garatzeko aukera positiboa baizik. Alta, eboluzio positibo horrek «gizartearen estereotipo negatiboak» topatzen ditu sarri aurrez aurre, Elgarrestak adierazi duenez.

«Baimen sozial mugatua»

Izan ere, Elgarrestak laburbildu duenez, «bakarrik bizitzea ez da bakarrik sentitzea», eta hala bizi diren emakume heldu gehienek hori islatzen dute: taldea «askotarikoa» izanagatik, gehienentzat bakarrik bizitzea eboluzio positiboa izan da haien bizitzan, «autonomia pertsonala eta burujabetza» irabazteko balio izan baitie. Ondorio positibo horrek gizartean zabaldutako estereotipoekin eta espektatibekin egiten du talka. «Baimen sozial murriztua» kontzeptua erabilita azaldu du Herrerok egoera. Adineko emakumeek bakarrik bizitzeko orduan nozitzen dituzten «genero espektatiba mugatzaileak» ezkutatzen dira kontzeptu horren atzean, baita «emakume eta zahar izatearen inguruko estereotipo negatiboak» ere. 

Estereotipo eta espektatiba horiek ez diete berdin eragiten adineko emakume guztiei. Diaz de Argandoñak zehaztu du bakarrik bizi diren adineko andreak bi talde handitan banatzen direla: bakarrik bizitzea gaztetan erabaki zutenak, eta, adinean aurrera egin ahala, arrazoi ezberdinengatik bakarrik geratu direnak (alarguntzea, bikotekidea uztea, eta abar). Lehenengoen «rol aitzindaria» goraipatu du ikerlariak, gizartearen inposizioei aurre egin eta aurrekaria ezarri baitzuten. Bigarren taldekoei eragiten diete, batez ere, gizartearen jarrera negatibo horiek. Herreroren arabera, emakumeak «besteak zaintzeko» hezi izan dira, eta, hori dela eta, bakarrik bizitzeak eta bere buruari denbora eskaintzeak sentimendu negatiboak sor ditzake batzuengan. Ikerketan jasotako testigantza adierazgarri batekin irudikatu du kontraesan hori Diaz de Argandoñak: «Gaizki sentitzen naiz ongi sentitzen naizelako». Horrela deskribatu zituen haren sentimenduak bakarrik ongi bizi baina gizartearen onarpen falta nabaritzen zuen emakume batek. 

Ikertzaileek azpimarratu dutenez, beharrezkoa da bakarrik bizi diren adineko emakumeen errealitate positiboak ikusaraztea eta generoaren eta adinaren inguruko estereotipoak haustea, bakarrik bizi diren andre horiek beren bizitzak modu burujabe, autonomo eta betean gara ditzaten, gizartearen mugarik gabe. Izan ere, «baimen sozial mugatu» hori dela eta, adineko emakume askok bizimodua mugatzen dute bakarrik bizi direnean, «arlo sozialean batez ere», Herreroren arabera. «Behar ez den moduan» bizi diren sentsazioak errua sor dezake, eta horrek «osasun arazo fisiko eta psikologikoak ere sortzen ditu», ohartarazi du Diaz de Argandoñak.

Estereotipoak apurtu beharra

Hori dena jakinik, Elgarrestak adierazi du «zahartzaroa duintzeko» eta adineko emakumeen bizimodua mugatzen duten «estereotipoak apurtzeko» beharra dagoela. Bat etorri da Herrero, eta gizarte moduan egin beharreko hausnarketa plazaratu du: «Benetan konturatzen al gara bakarrik bizitzea ez dela porrota, eta bakarrik bizi diren adineko emakumeak subjektu aktiboak izan daitezkeela?». Ikerlarien iritziz, luzea da oraindik tesi horiek bere egingo dituen gizarte bat izatera heltzeko egin beharreko bidea.

Fite egin beharrekoa da, ordea, EAEko gizartean gero eta emakume gehiago bizi baitira bakarrik. Adineko gizonei dagokienez, berriz, askoz txikiagoa da bakarrik bizi direnen ehunekoa «genero sozializazioa» dela eta, gizonek ez baitituzte sarri emakumeek dituzten bizitza independenterako tresnak, eta norbaiten pentzudan daude. Erronka horri aurre egiteko, politika publikoetan ezar daitezkeen hainbat gidalerro proposatu dituzte ikerlariek: adineko emakumeen egoeraren inguruan gizartea sentsibilizatzea; baliabide publikoak haien egoerara egokitzea; politika publikoetan genero ikuspegi transbertsala aplikatzea, eta, batez ere, bakarrik bizitzea «ahalduntze tresna» ere izan daitekeela onartzea. Txarlo artean hartu dute azken baieztapen hori publikoko adineko emakumeek. Izan ere, haien ahotsa eta esperientzia entzutea da estereotipo negatiboen aurkako lehen pausoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.