Espainiako Poliziak emakumeen salerosketarako sare baten aurkako operazio bat egin du Donostian eta Madrilen (Espainia), eta guztira zazpi pertsona atxilotu ditu. Emakumeak sexualki eta laboralki esplotatzea egozten zaie, besteak beste, eta baita lapurretak egitera behartzea ere. Operazio berean, Poliziak gaizkileen menpe zeuden bi emakume askatu ditu.
Sarea Gipuzkoan, Espainian, Frantzian eta Polonian zegoen finkatuta, eta, Poliziak jakinarazi duenez, biktimak Mongolian antzematen zituen, Schengen eremuan ikasi eta lan egiteko aukeraren promesarekin. Behin Europan zirela, lantegi klandestinoetan edo Madrilgo prostituzio etxeetan laboralki eta sexualki esplotatzen zituzten, eta Espainiako eta Frantziako saltokietan lapurretak egitera behartzen zituzten, Poliziaren arabera.
Halaber, Poliziak nabarmendu du atxilotuetako bat, sarearen burua, Europa osoan «erreferentea» zela Mongoliako herritarrak Espainian «arau kontroletik ihesi» sartzeko. Guztira lau pertsona atxilotu dituzte Donostian, eta hiru Madrilen, eta bi hirietan hainbat erregistro egin dituzte.