Ertzaintzak 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Bilbon, bikotekidea hil zuela leporatuta. Ertzainek atzo goizeko zazpi eta erdietan Amelia Amaya Jimenez 36 urteko emakumezkoaren heriotzaren berri izan zuten -etxe batean zendu zen-, eta medikuek autopsian ikusi zuten indarkeria zantzuak daudela gorpuan. Orduan erabaki zuten gizonezkoa atzematea; etxe hartan atxilotu zuten. Gaur eman du horren berri Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak.
Txurdinaga auzoan izan zen gertaera, eta ustezko erasotzailearen ama eta anaia ere atxilotu ditu Ertzaintzak, gertaera ezkutatu izana egotzita.
42 urteko gizonezkoak bikotekidearekiko urruntze agindua zeukan. Aurretik hemezortzi aldiz atzeman izan dute, gehienetan lapurretak egin zituelakoan.
Bilboko Udaleko Bozeramaileak Batzordeak bihar goizean "hilketa basati hau" gaitzestuko du, gaur iragarri duenez. Ondoren, 11:30ean, Udalak deituta elkarretaratzea izango da.
Aurten laugarrena
Emakumeen aurkako indarkeriaren ondorioz aurten Euskal Herrian hildako laugarren emakumezkoa da Bilbokoa. Beste hirurak: urtarrilaren 17an Tolosan Elena Cal hil zuen ustez haren bikotekide ohiak, otsailaren 8an Barakaldon Amelia Sanchez hil zuen ustez semeak, otsailaren 19an Lasarte-Orian Isabel Velez hil zuen ustez semeak.
emakumeen kontrako indarkeria
Emakumezko bat hil dute Bilbon, eta Ertzaintzak bikotekidea atxilotu du
Amelia Amaya Jimenez biktimari egindako autopsiaren ondoren erabaki dute 42 urteko gizonezkoa atzematea. Honek bikotekidearekiko urruntze agindua zeukan. Ustezko erasotzailearen ama eta anaia ere atxilotu ditu, gertaera ezkutatu izana leporatuta. Emakumeen kontrako indarkeriaren ondorioz aurten Euskal Herrian hildako laugarren emakumezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu