Azken egunotan Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia diana batean margotuta agertzen zen pintaketa agertu da Gasteizen; baita Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren aurkakoak ere. Halaber, pintaketak egin dituzte PPren Bilboko egoitzan, eta, Durangon, biktima batzuen aldeko zenbait plaka pintatu dituzte; besteak beste, PPko zinegotzi Jesus Mari Pedrosa zenaren plaka.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak pintaketak gaitzetsi ditu, eta onartezintzat jo. X sarean zabaldutako mezu baten arabera, «onartezina da besteen pentsatzeko modua ezabatu nahi izatea, eta onartezina da mundu ikuskerak inposatzea». Elkartasuna eta babesa azaldu die PSE-EEko eta PPko militante guztiei.Â
EH Bilduk «irmoki gaitzetsi du», besteak beste, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza jomuga hartuta jarri den pankarta. Ohar bidez adierazi duenez, «ezkerreko subiranismoak uste du kritika politikoa termino politikoetan eta dialektikoetan soilik adierazi behar dela». Erantzukizunez aritzeko eskatu die alderdiei eta eragileei: «Beharrezkotzat jotzen dugu horrelako gertakariak, betiere puntualak, modu errealistan dimentsionatzea eta gure herrian zorionez modu zabalean gaindituta dagoen iragana modu birtualean elikatzeko ez erabiltzea».
Buesa Fundazioak eta Covite ETAren biktima batzuen elkarteak uste dute «gorroto diskurtsoak presente dauden adibide argia» direla pintaketak. Biek gaitzetsi dituzte pintaketak, eta Fernando Buesak X sarean zabaldutako mezuaren arabera, «ez ikusiarena egin edo gertaera horiek isildu ordez, irmo salatu eta gaitzetsi behar dira».
PPk salaketa jarri du Ertzaintzan Bilboko egoitzako pintaketen harira. Ernaik bere gain hartu du.