BIKTIMAK

Eneko Etxeberria: "Inaxio Uriaren heriotzarekin, gutako bat galdu genuen"

Altuna y Uria enpresaren 50. urteurrenean, ETAk hildako enpresaria gogoan izan du Azpeitiko alkateak. Erantsi du ez dela posible hilketa harekin ados egotea.

Eneko Etxeberria hitza hartzen. UROLA KOSTAKO HITZA
2016ko apirilaren 6a
07:37
Entzun

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak hartu du hitza ekitaldian, eta gogoan izan du Inaxio Uria, 2008an ETAk hil zuen enpresaria. Etxeberriak esan du “zorretan” daudela Altuna y Uriarekin: “Kitatzeko zaila den zorra da, eta ulertu behar da konpromiso gizatiar eta politiko bezala".

Azaldu du azpeitiarrei ez zaiela ahazten haren hilketa: "Duela zortzi urte gertatu zen, baina atzo zela dirudi. Ez sinestekoa da oraindik. Ematen du amesgaiztotik esnatuko garela, baina hor jarraitzen du Inaxio Uriaren hilketak eta haren memoriak. Ezin dugu atzera itzuli, egun haiek tristeak eta beltzak izan ziren Azpeitiko historiarentzat. Denborak dena sendatzen duela diote, baina ez da egia. Sendatzeko beste tresna batzuk erabili behar ditugu. Halakorik ezin du berriz pasatu, eta iraganetik ikasi behar dugu. Sufritu dutenen eta Inaxio Uriaren oroimenaren errekonozimendua aldarrikatu behar dugu”.

Uria hiltzeko "inongo arrazoirik" ez zegoela erantsi du Etxeberriak: “Ez da posible hilketa harekin ados egotea edo kontra ez egotea. Ez da onargarria, injustizia izan zen. Etorkizunerako gertutasuna erakutsi behar diegu familiakoei eta senideei. Tamalez, askotan bakarrik sentitu zaretela uste dut. Barkamena eskatzen dizuet, eta hori horrela ez izateko nire esku dagoen guztia egingo dut. Begiratu dezagun etorkizunera, etorkizun eraikitzaileak zarete-eta. Iraganeko onena berreskuratu dezagun, inoiz ahaztu gabe, etorkizun onena eraiki dezagun”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.