Eneko Gorri: «Gazteek plazak hartzen dituzte, euskaraz»

«Odolustea orekatzen» ari dela erran du Plazara-ko kideak soziolinguistika jardunaldietan. «Baikorrak» izateko zioak daudela uste du

Garazi Aduriz Zuñeda.
Hendaia
2023ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
«Ipar Euskal Herriari buruzko begirada» proposatu zuen atzo Eneko Gorri Plazara kooperatibako kideak. Gazteei eta euskarari buruzko jardunaldian, egoera soziolinguistikoaren nondik norakoak oroitarazi zituen, baita gazteek egun duten rol aktiboa ere.

2021eko inkesta soziolinguistikoaren emaitzak izan zituen ardatz egoeraren berri emateko. Euskararen ezagutzari dagokionez, azken hamarkadetan zegoen «odolustea orekatzen» ari dela iruditu zitzaion, azken bi inkestei erreparatuz. Hala ere, beste ikuspuntu batetik hartua, «20 urtez 3.500 euskal hiztun» galdu zirela zehaztu zuen, eta «39.000 erdaldun irabazi». Erabilerari dagokionez, berriz, «sekula neurtu den indizerik apalena» dela esan zuen hizlariak.

Euskara egoera korapilatsu batean ikusten du, «kontsentsu» moduko batean: «Euskararen aldeko politika publikoek prefetaren mehatxupean jarduten dute». Hau da, euskararen «onarpen» gisako bat dagoela irudika litekeela adierazi zuen Gorrik, hala nola hautetsien ahotan. Alta, ulertarazi zuenez dela haren aldeko politika publiko sendorik: «Gero eta gehiago entzuten da euskararen alde asko eta aski egiten dela».

Euskararen alde lanean ari diren erakundeak hartu zituen egoeraren adierazle gisa, «prekaritatean» lan egitera «behartuak» direla adierazita. Hala, euskalgintzak larunbatean antolatu manifestazioa izan zuen gogoan, zeinak Ipar Euskal Herriko instituzioei «euskararen aldeko inpultsio berri bat» galdegin zien.

Testuinguru horretan, «gazteei begiratzeko betaurreko ezkorrak» kentzera dei egin zuen hizlariak. Hain zuzen, azken inkesta soziolinguistikoak adierazi bezala, «euskararen gizartea gero eta gazteagoa» dela azaldu zuen. Eta badakien arren badagoela «gazteen inplikazio faltari buruzko sinesmen bat», azken hilabeteetako gertakari kultural ugari aipatu zituen: libertimenduak, maskaradak, Altxalili elkarteak Zuberoan antolatu Bekat'uros egitasmoa eta Bertsuxurla, besteak beste.

«Gazteekin den obsesioa uzteko garaia da; agian ez dute aurreko belaunaldien modu berean egiten euskararen alde, baina gazteek plazak hartzen dituzte, euskaraz», erantsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.